- Enirio-Aralarko Mankomunitateak Aralarrera eramaten dituzten aziendak murrizteko eskatu die abeltzainei eskutitz bidez.

Bidalitako gutun horien aurrean, Aralarko Baserritarren Elkarteak, Euskal Herriko Nezakarien Elkartasunak (EHNE) eta Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) erabaki hori salatu dute komunikatu baten bitartez. Zehatzago esateko, Mankomunitatea osatzen duten udaletxeetan gehiengoa duen alderdi politikoaren jokabidea salatu zuten, EH Bildurena alegia; 2019tik azienden murrizketaren helburu berarekin jarraitzen duelakoan.

Mankomunitateak agindu horiek berritu aurretik elkarlanerako deia egin zitzaien arren, abeltzainen ordezkariekin hitz egin gabe bidali omen zituzten gutun horiek. Gainera, murrizketaren beharra onetsiko zukeen balizko gainkarga ziurtatzen duen, eta eskutitzak nori bidali justifikatzen duen txosten teknikorik ere ez dagoela adierazi zuten abeltzainen ordezkariok.

Horren aurrean, gutunak bidaltzeko erabakia “bidegabekeria eta arbitrariotasunaren eredu ezin hobeak” direla salatu zuten: “EH Bilduk jan egin du abeltzainoi emandako hitza, zakarrontzira bota beharreko planak berreskuratu, eta beste behingoz, lehentasun bihurtu du abelburuak murriztearen aldeko helburua”.

Honen harira, Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek, otsailaren 2an, arratsaldeko 15:00etan Zaldibiako Goizane zentroko areto nagusian egingo duten batzarrerako deia egin diete Mankomunitatea osatzen duten udaletxe guztiei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.