2.000 migratzaile inguru artatu zituen iaz Irungo Sareak

%6 adingabeak ziren, % 8 emakumeak eta gehienak Afrikar herrialdetakoak

27.01.2021 | 01:02
Irunera heldutako gazte etorkin bat. Argazkia: Javi Colmenero

donostia – 2020an 2.000 pertsona ingururi eman die laguntza Irungo Harrera Sareak; horietako %6 adingabeak ziren, %8 emakumeak, eta gehienak Afrikar herrialdetakoak.

Erakunde horren arabera, iaz, batez beste, zortzi eta hamar pertsona artean artatu zituzten egunean; inolaz ere, zehaztu nahi izan zuten, osasun krisiaren ondorioz, aurreko urteetan baino "migratzaile gutxiago" iritsi direla mugara. Esate baterako, martxotik ekainera, pandemiaren lehen lau hilabeteetan, "ez zen inor iritsi".

Ginea Konakry, Mali, Boli Kosta, Senegal eta Afrikako beste herrialde batzuk izan dira migratzaile hauen jatorri nagusiak. Eskainitako lagun-tza taldeka banatuz, harrera-lantaldeak 1.500 pertsonari luzatu zien informazioa eskubideei eta beste gai baliagarri batzuen inguruan; aterpetxera laguntzeko lantaldeak, berriz, 1.150 lagunei eskaini zien arreta, eta arropategikoek, berriz, 200 migratzaile ingururi eman zizkieten jantziak.

Herritarren sare horrek laguntzen dituen pertsonen profilari dagokionez, aurreko urteetako joerari eutsi zitzaion, Irunera "dublinatutako" pertsona "asko" iritsi baitziren; hau da, Europako beste herrialde batzuetatik etorritakoak ziren nagusi, baina Dublingo Hitzarmenak hala aginduta, Europar Batasunean sartu zireneko estatuan asiloa eskatzera behartuta daudenak. Irunera iaz iritsi ziren beste hainbat, Europako beste herrialderen batean erregularki bizi izandako pertsonak ziren, krisiaren ondorioz zoritxarrez lana galdu eta irregulartasun administratiboan geratu direnak. Sareak artatutako beste pertsona batzuei asiloa ukatu zitzaien, hortaz ez dute harrera-baliabide publikoak jasotzerik izaten, herrialdean behar baino denbora gehiago daramatelako; eta hauek, "kale gorria beste aukerarik ez dute".

Irungo Harrera Sareak "dispositibo horien ardura duten erakundeei" irtenbidea emateko eskatu zien, dauden baliabideek "egoera oso zaurgarrian dauden pertsonen benetako beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzun diezaieten". Gainera, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugako kontrolen "gogortzeak" migratzaileen egoera "larriagotu" baino ez duela egiten salatu nahi izan zuten, "trafiko-sare maltzurren mesedean".