upela sagardoaren hotela dela dio abesti ezagunak, baina denborarekin sagardotegietatik haratago iritsi da sagardoa, gizartean leku garrantzitsua lortuz. Lehen, taberna eta jatetxe askotan sagardo bakarra saltzen bazuten ere, gaur egun leku batzuetan aukera zabala eskaintzen dute. Aspalditik ziren ezagunak ardotegi eta garagardotegiak, eta orain kon-tzeptu berri batekin harritu ditu sagardozaleak Astigarragako Ibailur jatetxeak: Sagardoteka.

Euskal Sagardoa jatorri deitura duten sagardo desberdinak eskain-tzen dituzte bertan, hamar sagardotegiren 18 Euskal Sagardorekin osatutako karta baitute. Gainera, sagardoari egokitutako eskaintza gastronomiko zabala ere eskuragarri dute jatetxean.

“Ibailurrera etortzen denak, plater desberdinen aurrean sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango du, plater konbinatua izan edota bestelako jakiekin”, azaldu dio egunkari honi Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak. Honako sagardotegien Euskal Sagardoa dasta daiteke bertan: Aburuza, Alorrenea, Bereziartua, Gartziategi, Irigoien, Isastegi, Lizeaga, Petritegi, Zapiain eta Zelaia.

Ardoarekin edo garagardoarekin gertatu bezala, sagardoarekin ere aukera zabala izateko beta emango du sagardotekak orain. “Sagardotegi desberdinetako Euskal Sagardo karta zabala daukanez, produktu hau kontsumitu nahi duenarentzat aukera paregabea da”, azpimarratu du Agirrek.

Hala ere, Ibailur ez da sagardo karta zabala eskaintzen duen jatetxe bakarra. “Ibailurrek Sagardoteka izena jarri dio, baina badira antzeko eskaintza duten leku gehiago, nahiz eta asko ez izan. Beste erreferente bat Tolosako Gasolindegia deitzen diogun jatetxea da; han ere sagardo asko dituzte eta lan asko egiten dute”, azaldu du.

Sagardoteka izenik ez badute ere, tankera horretako karta eskaintzen duten lekuak askotarikoak izan daitezke. “Eskaintza zabalagoa dutelako, batzuk Sagardoteka deituko diote; eta beste batzuk, jatetxean zein tabernan, sagardo karta edukiko dute”, dio.

Euskal Sagardoaren koordinatzaileak apustu berritzaile honek sektoreari egiten dion onura azpimarratu nahi izan du: “Garrantzia handia du honek, izan ere, guk, Euskal Herriko jatetxe eta tabernetan Euskal Sagardo kartak izatea nahi baitugu. Ez dadila sagardoa kartan besterik gabe agertu, baizik eta jatorri deitura duten kalitatezko Euskal Sagardoak aukeran izan ditzala bezeroak”. Horrek eskaintza izugarri “aberasten” omen du, eta Euskal Herriko ostalariak horrelako ekimenak martxan jartzera animatu ditu: “Kontsumitzaileei eta sagardozaleei oso aukera dotorea emango liokete euren establezimenduetan”.

Sagardoteka izena estreinatu duen Ibailur jatetxeak ondo garatutako karta diseinatu du bezeroentzat. “Jatorri deitura, zer sagardotegikoa den, eta sagardo bakoitzaren azalpen gehiago ere agertzen dira bertan”, zehaztu du Agirrek. Gainera, kontsumitzaile bakoitzak, bere gustuaren arabera, kopan ala edalon-tzian edan nahi duen ere erabaki lezake, eta sagardoa bertan kontsumitzeaz gain, etxerako erosteko aukera ere badago.

Jatorri deiturako koordinatzailearen ustez, azken urteetan sagardoa produktu “iraultzailea” bihurtzen ari omen da, eta sektorean sekulako aldaketak sortzen. “Jatorri deituraren aldeko apustua garbia da, baina horren baitan dibertsifikazioa dago, eta bakoitzak bere produktua kaleratzen du. Sagardoteka bezalako egitasmoek sagardo desberdin horiek dastatu eta beste modu batera jolas egiteko aukera ematen dute zalan-tzarik gabe”, esanez amaitu du.