Ostalaritza otsaila erdia arte hetsia egonen da Iparraldean

Hirurogeita bost urte duten herritar guztiek txertoa hartu ahal izanen dute

10.01.2021 | 00:45
Baionako ospitalean txertoa ematen hasi ziren joan den asteazkenean. Argazkia: F. D.

Baiona – Ipar Euskal Herrian, kulturguneek, museoek, antzokiek eta zinemek gutxienez urtarrila bukaera arte hetsiak egoten segituko dute eta ostalaritzak otsailaren 15a arte zain egon beharko du. Enpresa guzti horiek urri bukaeran eten zuten beren jarduera. Eguberri garaian, Iparraldeko hotelen %25a baizik ez zen lanean aritu eta okupatze-tasa %20ekoa besterik ez zen izan. Iaz, ostalaritza bost hilabetez hetsi egon zen denera. Frantziako gobernuak banatzen dituen diru- laguntzak desagertuko direlarik enpresa askok ateak betiko hetsiko dituztela beldur dira gero eta ahots gehiago.

Txertaketa kanpaina joan den asteazkenean hasi zen Ipar Euskal Herriko zahar etxe eta Baionako ospitalean. Pfizer txertoaren 5.000 dosiak ematen dituzte adinekoei eta arriskuak izan ditzaketen osasun arloko profesionalei. Lehen dosia jaso duten guztiek bigarrena izanen dutela ondoko egunetan segurtatu du Maritxu Blanzaco osasun arloko zuzendariak. Miarritze eta Azkaineko herriko etxeak eraikin publikoak proposatu dituzte herritar gehiagori txertoa eman ahal izateko. 75 urte dituzten herritar guztiek txertoa hartu ahal izanen dute urtarrilaren 18tik landa. Agintariek txertoa ematearen garrantziaz ohartarazi eta horren aldeko mezuak hedatzen dituzte frantziarren %40 baizik ez baita prest urrats hori egiteko.

"Musukoekin gertatu zen bezala, aldi honetan ere, osasun arloko agintariek ez dute batere molde egokian jokatzen txertoei buruz informazio asko falta baita oraindik" deitoratu du Ipar Euskal Herriko zahar etxe sare baten zuzendariak. "Berriz ere egoera biziki zaila da ez baitakigu deus logistikaz. Argi egon dadila gure langileek ez dutela txertorik emanen, hori medikuen lana baita. Denbora luzea beharko da eta ez ditugu pazienteak bat bertzearen ondotik berehala hartuko hedabideetan ikusi ahal izan zen bezala". Baionaldeko profesionalak gogoratzen du pazienteak eta beren familiek urtarrilaren 11rako erran beharko dutela ados direnez txertoa hartzeko. Kontuan hartu behar da zaharren ia erdiak ezin duela erabaki hori bakarrik hartu buru arazoak jasaten dituztelakoan. Gainera, covida jasan badute azken hiru hilabeteetan ezin izanen dute txertoa hartu, ez eta alergiak pairatzen baldin badituzte.

Frantziako estatuan 65.000 herritar pasa hil dira dagoeneko, horietatik 313 Pirineo Atlantikoetako ospitaleetan, hiruzpalau gehiago egunero. Gaur egun, 152 lagun artatzen dituzte Pau eta Baiona bezalako erietxeetan, horietatik 16 suspertze zerbitzuetan.

neurriak zorroztu Inzidentzia tasari dagokionez, 100.000 biztanleko 110 kasu inguru daude, hamar bat gehiago astero. Urriko azken astean 530 kasu zeuden. Eguberriko oporrak baino lehen Atharratzeko kolegioa eta Baionako Etxepare lizeoko hiru ikasgela hetsi zituzten gaitzaren agerraldiengatik. Birusak hedatzen segi-tzen duenez azken egunetan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoko bi ikasgela hetsi behar izan dituzte. Aviron Bayonnais errugbi taldeko zenbait jokalarik britaniar aldaera jasan dutenez, zenbait egunez kide guztiak bakartu, taldearen jarduera osoa gelditu eta jokatu behar ziren partiduak atzeratu behar izan dituzte. Denak onik eta osatu direla dio taldearen zuzendaritzak. Fran-tziako gobernuak ez du baztertzen neurriak zorroztea egoera okertuko balitz.