- Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baliabide operatiboak optimizatzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute polizia koordinazioaren eta lankidetzaren arloan. Hitzarmen horren ondorioz, Udaltzaingoa Eusko Jaurlaritzaren Tetra izeneko Irrati Mugikorreko Sare Digitalean sartuko da, Ertzaintzak erabiltzen duen plataforman, alegia. Sistema horrek, irrati bidezko ahozko komunikazioaz gain, segurtasun-fitxategi batzuei kontsulta automatizatua egiteko aukera eskaintzen du. Horrela, baliabide polizial batek berehala ezagutu ditzake ibilgailuei edo pertsonei buruzko alertak talky baten edo irrati baten bidez.

Gainera, akordioaren arabera, Udaltzaingoak Estatuko Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu-basea erabili ahal izango du, eta udalerrian erregistratutako istripuen estatistika hilero bidaliko du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzara. Hitzarmenaren azken helburua "bi polizia-kidegoen giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzea eta bikoiztasunak saihestea da, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak agintzen duenaren arabera". Dokumentuan jasota geratu da, gainera, Euskal Administrazioak Udaltzaingoari lagatzen diola TETRA sarerako sarbidea, eta Donostiako Udalak erosi eta mantenduko dituela komunikazio-ekipoak, hala nola talky-ak eta irratiak.

Urrats berri bat eman da Euskadiko segurtasun publikoko agentzien arteko koordinazioan. Egia esan, Udaltzaingoa dagoeneko badabil lanean Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren larrialdiak kudeatzeko sistema informatikoan, Euskarrin. Plataforma hori da, hain zuzen ere, Euskadiko Larrialdiak Koordina-tzeko Zentroak (SOS Deiak) gauza-tzen duen koordinazio operatiboari laguntzen dion euskarria. Plataforma teknologiko horretan bat egindako zerbitzuen artean daude, Donostiako Udaltzaingoaz gain, Er-tzaintza, Osakidetza-Emergentziak, ETKZ-CGTE (Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa), baita Foru Aldundietako eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako suhiltzaileak ere.