oetiko samarra iruditu zitzaidan Erresuma Batuan txertoa jarri zioten lehen pertsonaren irudia. Margaret Keenan. Laurogeita hamar urte, ipar irlandarra jatorriz, emakumea eta Merry Christmas zioen kamiseta bat soinean jantzita, sinboloz betetako irudia helarazi ziguten ezbairik gabe. Honen atzetik etorri zen lehenengo gizonezkoa. William Shakespeare zuen izena, kasualitatea, milioika egongo dira munduan eta. Eta lehenengo hiru edo lauren artean ere bazen Bigarren Mundu Gerrako beterano bat. Agian ni izango naiz usain finegia duena, agian zoria izango zen, agian ez.

Epe motzean ikaragarrizko lasterketa ikusi ahal izan dugu nazioartean, ea zeinek erosiko txerto gehien eta azkarren. Bi eguneko aldearekin txertoak perretxikoen gisan ateratzen ikusi ditugu, eta ez naiz harritzen abiaduraz, pastel gozo askoa baita farmazia industriarentzat jokoan dagoena. Milioiak eta milioiak. Gerra Hotzeko etengabeko lasterketa horiek ekarri dizkidate burura, XXI. mendera ekarrita. Ameriketako Estatu Batuek txerto bat atera zuten, Errusiak bestea, Txinak bat argitaratu, mendebaldeko beste potentzia batek bestea, Europak bati erosi, Turkiak beste aldekoari, eta horrela, egunero sorpresa berri bat.

Entzun ez dudana da Afrikak nori erosiko dizkion txertook, edo Birmaniak nola daraman kasuen kontaketa. Hara! garatze bidean dauden herrialdeekin ere ahaztu gara oraingoan. Ahantzi ditugu kontaketetan, despistatu albistegietan, alboratu banaketan eta azken finean, atzean utzi ditugu tragedian. Beste behin. Solidario izatea oso ondo baitago, baina soberakinekin errazagoa da. Lehenik bakoi-tzak bere burua salba dezala, eta gero banatuko ditugu apurrak falta dutenekin.

Txertatzen prozesua martxan jartzerakoan agudo ibili dira zenbait, txikitako atari garaiko jolasak burura ekarriz, ea nor lehenago iritsiko. Hasieran aipatutako Erresuma Batua izan zen lehena, lehena guretzat, munduan dagoeneko 250.000 txerto jarrita baitzeuden. Tira, berriz ere harrapatu gaituzte soilik mendebaldeko herrialde aberatsei begira. Eurozentrista esatera nindoan, baina Erresuma Batuan gertatu denez, agian minduko nuke baten bat, Europatik alde egite prozesuan garai txarrean harrapatu ditu eta honek guztiak. Txertaketan ere Europari aurre hartu diote, eta garaipen gisa aurkeztuko zuten, eta horregatik aipatutako sinbolismoaren garrantzia. Gidatu ere beste aldetik egiten dute eta, nola izango ez dira berezi, eta bereizi.

Bi egun baino lehen ordea etorri dira esatera zenbaiti alergia sortu diela txertoak. Zer nahi zenuten bada? Lehenengo izateak horixe dakar, lehenengoa zarela onerako eta txarrerako ere. Mila esker akuri lanak egiteagatik. Kasu honetan ordea ezin erabil dezakegu Napoleoni egozten zaion jantzi nazazu astiro, presa dut eta esaldia, presak heriotzak ekiditea baitakar, eta batez ere, heriotzek presaka aritu beharra.