- Pello Jauregi (Pasaia, 1958) EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako irakaslea da gaur egun. Urteetan zehar Soziolinguistika Klusterrean Eusle metodologiarekin aritu da lanean eta, horren bidez, Lasarte-Orian 2016. urtean egin zen Baietz 40 egun euskaraz herri erronkaren ikerketaren emaitzak landu zituen. Euskaraldiaren lehenengo edizioko ikerketa ere berak zuzendu zuen eta gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak Abbadia Saria emango dio Euskaraldiaren "teorizatzaile" izateagatik.

Abbadia Saria emango dizute gaur. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

-Nik uste dut sari horren atzean azken hamar urtetako lan ildo bat saritzen dela. Pertsonalizatu egiten da nire kasuan, baina funtsean ideia batzuk saritzen dira.

Zer lan ildo da hori?

-Duela hamar urte inguru Soziolinguistika Klusterrean lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko lanean hasi ginen. Zehazki, Eusle, Ulerrizketa eta Uler-saioak metodologiak prestatu genituen. Hiru metodologia horiek oinarrian dute euskararen erabilera bultzatzeko gutxieneko baldintza giro batean gutxienez denek ulertzea dela; edo, behintzat, ulertzera iristeko tresna batzuk ematea. Orduan, ulermena ziurtatuta dagoenean, pertsona ba-tzuk eusle lana -euskaraz hitz egiteko jokaera sistematiko eta etengabea- egiten badute, beraien inguruan euskararen aldeko dinamika bat sortzen dute. Poliki-poliki beste kideak kutsatzen dituzte eta eusleei esker, naturalki euskaraz hitz egiten hasten dira.

Zure gogoetak eta ikerlanak euskararen garapenerako garrantzitsuak izan direla uste duzu?

-Bai, nik uste dut ekarpen interesgarriak egin ditugula. Gainera, ekarpen hauek ez dira teorikoak bakarrik, ez dira proposamen hutsak. Hamar urte hauetan esperientzia asko bizi izan ditugu enpresetan eta eremu txikietan: bost eta hamabost lagun bitarteko taldeetan. Ikerketak egin ditugu metodologiek nola funtzionatzen duten ikusteko eta datuek erakusten dute horrelako baldintzak lortzen direnean euskararen erabileran aurrerapausoak ematen direla.

Zuretzat zein ikerketa izan da garrantzitsuena?

-Oro har, ildoa izan da garrantzi-tsuena. Soziolinguistika Klusterrean Aldahitz izenekoegitasmo bat dugu eta haren baitan garatu ditugu lehen aipatutako hiru metodologiak.

Euskaraldiaren aurrekaririk gertukoena Lasarteko 'Baietz 40 egun euskaraz' ekimena da. Zer bilakaera izan du euskarak ordundik?

-Hori esateko daturik ez daukat, baina nire inpresioak azaldu ditzaket. Lasarteko esperientziaren ondoren ikerketa egin zen eta baita Euskaraldiaren aurreko edizioaren ostean ere. Datuak argitaratuta daude eta bietan ikusten da aurrerapen txiki bat ekarri dutela jarduera horiek. Egitasmoa ospa-tzen ari denean normalean dezente igotzen da euskaren erabilera, baina gauzak bere onera datozenean pixka bat jaitsi egiten da. Hala ere, ez da guztia galtzen eta zerbait geratzen da. Hori datuetan behin eta berriro errepikatzen da eta hor badago aurrerapauso bat.

Zer moduz doa bigarren Euskaraldia?

-Uste dut Euskaraldia ospatu izana bakarrik pauso handi bat dela, gauden egoeran egonda. Zailtasunak agerikoak dira, agerpen masiboak ezinezkoak dira eta Euskaraldiak zerbait baldin badu, jendea harremanetan egoteko agerpen masibo bat dela da. Etxera begira gaude kanpora baino gehiago, eta aurrez aurreko harremanak murriztu egin dira saio telematikoak handitzearekin batera. Horiek guztiak traba nabarmenak dira horrelako ekimen sozial erraldoi batentzat. Animikoki ere jendea ez dago guztiz pozik eta hori ere nabaritzen da parte-hartzean.

Parte-hartzea murritzagoa izan al da?

-Bai, txikiagoa izan da aurreko edizioan baino eta hori normala da. Baina hala ere, orain arte dauden emaitzak baldintza hauetan oso-oso onak dira. Jendeak oso maila politean erantzun du eta arigune asko sortu dira enpresa askotan. Arigune kontzeptua zabaltzen den lehenengo aldia da eta badirudi jendeak ulertu duela eta bere bidea egin duela. Beraz, oso emaitza politak ditugu.

'Ariguneek' funtzionatzen dutela uste al duzu?

-Nik uste dut arigune jendetsuetan batez ere, gehienetan erabaki kolektibo bat denez eta beraien artean adostu behar izan dutenez, normalean erantzuna ere koherente samarra izaten dela. Beraz, uste dut arigune jendetsuetan behintzat ariketa ondo egiten ari direla.

Nola eragin dio pandemiak euskarari?

-Euskararen inguruko ekitaldi asko bertan behera geratu dira eta euskara umezurtz geratu da azken bolada honetan. Hizkuntza asko ari da sufritzen pandemiarekin eta Euskaraldia egin izanak ikusarazten du euskarak agenda publikoan jarraitzen duela.

Zergatik diozu euskara umezurtz geratu dela?

-Adibidez, komunikazio alorrean euskararen erabilera asko jaitsi da. Batzuetan gauza garrantzitsuak direnean gaztelania erabiltzen da eta tentsio handia egon da instituzio guztietan. Mezuak zabaltzeko garaian erabateko lehentasuna eman zaio gaztelaniari eta euskara baztertuta geratu da, oso nabarmen, komunikazio saio askotan. Zentzu horretan, euskararen erabilera publikoa uzkurtu egin dela uste dut. Gainera, kulturak pairatu duen krisiak ere euskarari kalte handia eragin dio.

Aldundiak saria ematerakoan Euskaraldiaren '"teorizatzaile" kontsideratu zaitu. Zu ere horrela sentitzen al zara?

-Bueno, lehen esan dudan bezala nire baitan pertsonalizatu da saria, baina honen atzean lan kolektibo handia dago. Nik ideia batzuk eman ditut, baina beti talde ba-tzuen babesean eta jende askorekin elkarlanean. Ideiak elkarbanatuak dira eta zentzu horretan, ni ez naiz ildo honen teorizatzaile bakarra. Ekarpenak egin ditut, baina jende asko ari gara ideia horiek bultzatzen.