- Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak Aita Mari itsas erreskaterako itsasontziaren tripulazioa bisitatu zuen atzo, eta prest omen daude Mediterraneo erdialdeko uretan 2018tik hona egiten ari diren erreskate misioekin jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ontziaren mantentze eta egokitze lanak burutu ostean.

Sailburuak proiektuaren interes "premiazkoa, soziala eta humanitarioa" goraipatu zuen, Mediterraneoan bizi den "larrialdi eta salbuespen" egoera dela eta. Pasaiako Portuan dagoen tripulazioari babesa eskaini nahi izan zion, bertan baitaude ontziaren mantentze eta egokitzapen lanak amaitzen.

COVID-19ak ekarritako egoerak eragina izan du Aita Marik egiten duen lanean ere. 2020rako aurreikusitako sei misioetatik bakarra konplitu ahal izan du, urtarrila eta otsaila bitartean egindakoa. Aurreikusitako 180 nabigazio-egunetatik, 36 egin ditu, eta 69 egun pasa ditu portu desberdinetan atxikita, hainbat arrazoirengatik.

Lehen misio hartan, bi itsasontzi aurkitu zituzten noraezean, bat gomazkoa, 93 pertsonarekin, eta bestea zurezkoa, 65 pertsonarekin. Horrela, Aita Marik 90 gizon erreskatatu zituen, 17 emakume (hiru haurdun) eta 51 adingabe, horietako 39 familiartekorik gabe zeudenak. Pertsona horiek guztiak azkenean Italiako Messinan lehorreratu ziren.

Misio horretaz gain, apirilean, Italiako konfinamenduaren ondorioz itsasontzia Pasaiara abiatu zenean, Aita Marik beste txalupa bat erreskatatu zuen, 44 pertsona zeramatzana; tartean haurdun zegoen emakume bat eta zenbait adingabe. Pertsona horiek Italiako Gobernuak eskainitako ferry batera eraman zituzten. Beraz, aurten guztira, 202 pertsona erreskatatu ditu Aita Marik.

Itsas Salbamendu Humanitarioa Elkartea da Aita Mariren arduraduna, eta larrialdietako profesionalek eta boluntario ugarik osatzen dute. Elkarte horrek, itsasoan dauden pertsonen bizitza babestea eta giza eskubideak defendatzea du helburu, eta Eusko Jaurlaritzaren lagun-tza du.

Laguntza eta babes horrek Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerei azkar eta arin erantzuteko hartutako konpromiso proaktiboari erantzuten dio.

Aita Marik bizitzak salbatzen laguntzeko lan egiten duen Libia, Tunez, Italia eta Malta arteko Erdialdeko Mediterraneoko bideak oso gune arriskutsu izaten jarrai-tzen du, baita hildako eta desagertu gehien gertatzen direnetako bat ere.

Itsasontzian laguntza medikorako eremu bat dago. Hain zuzen ere, erreskate-ospitale funtzionaltasun bikoitzak Aita Mari ontzia gaitu du, migrazio-fluxuek beste ibilbide batzuetara jotzeko duten bilakaerari erantzuteko. Ontzi honek, ibilbideen eraldaketa horrek gainezka egiten duen eremuetan ospitale-laguntza puntuala eskaini lezake, eta baita kostaldeko hondamendiei edo krisi-egoerei euskal erantzuna eman ere.