atia Fundazioan 30 arigune osatu dituzte Euskaraldiaren harira. Matiako egoitzen sareak 1.300 langile ditu guztira eta horien artean, euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, euskaraz ikasten ari direnak eta oraindik hizkuntza ez dakitenak ere badira. Elebidunak %48 dira, gutxi gorabehera. Euskaraldian 150 lagun inguru ari dira parte hartzen entitate honetan.

Egunkari hau Matia Fundazioko lau langilerekin elkartu da sortu dituzten ariguneez hitz egiteko: Mari Carmen Garmendia, Matia Fundazioko lehendakaria; Blanca Garai, zuzendaritzako idazkaritzako langilea; June Urdangarin, Iza zentroko gizarte langilea; eta Elena Zubizarreta, Bermingham ospitaleko gizarte langilea. Laurak Matiako euskara lantaldeko kideak dira eta ahobizi rola hartu dute Euskaraldian.

"Euskaralditik gonbidapena luzatu ziguten duela bi urte bezala, eta euskararentzat dugun estrategiarekin erlazionatuta, parte hartzera animatu gara. Lehenengo edizioan sustatzaile gisa aritu ginen eta orain ariguneak identifikatzea eskaini digute", azaldu du Garaik.

Matiako egoitzen sarea Gipuzkoan zehar banatutako hainbat eraikinek osatzen dute. Donostian, Julian Rezola, Bermingham eta Lamourous egoitzak daude; baina herriei erreparatuz gero, honako egoitzak aurkituko ditugu: Fraisoro (Zizurkil), Argixao (Zumarraga), Otezuri (Zumaia) eta Petra Lekuona (Oiar-tzun). "Kokapenaren arabera, euskaldunen kopurua handiagoa edo txikiagoa izan daiteke", nabarmendu du Garmendiak.

Bermingham ospitalean hiru gizarte laguntzaile daude -bi ahobizi eta belarriprest bat- eta beraien artean arigune bat sortu dute. "Gure helburua egun hauetan kafea hartzen dugunean belarriprest denari pixka bat euskaraz hitz egiteko aukera ematea da. Ea ohitura hori hartzen dugun eta errazagoa egiten zaion euskaraz aritzea. Bide batez, guri ere berari beti euskaraz hitz egitera behartzen gaitu, normalean gaztelaniaz hitz egiten baitiogu", azaldu du Zubizarretak.

Bermingham ospitalean zailtasunak omen dituzte zenbait pertsonekin euskaraz hitz egiteko, medikuekin batez ere. "Geriatra izateko espezialitatea gaur egun ez dago EHUn, beraz kanpotik ekarri behar izaten ditugu espezialista horiek, Latinoamerikatik gehienak. Guk hirugarren adineko jendearekin egiten dugu lan eta horien ama hizkuntza euskara da batzuetan. Beraz, geriatrekin hitz egiteko zailtasunak izaten ditugu", adierazi du Zubizarretak.

Hala ere, espezialista horiei euskara ikasteko aukerak eskaintzen dizkio Matiak, zailtasun horiek ekiditeko. "Pertsonon eskubideetan hizkuntza eskubideak ere badaude. Beraz, adineko pertsonak zerbait esateko gaztelaniaz ez badira ondo moldatzen edo ez badute gaztelaniaz egiteko ohiturarik, aukera eman behar diegu euskaraz hitz egiteko", nabarmendu du Garmendiak.

Egunerokotasunean, Matian gero eta "arigune natural" gehiago daudela ere azpimarratu dute. "Gu laurok gure artean hitz egiten dugunean, adibidez, beti euskaraz egiten dugu eta nik Matiarekin harremana dudanetik nabaritu dut euskararen erabilera areagotu egin dela", esan du Garmendiak.

Iza egoitzan Urdangarinen lankide batek euskara ikastaroan hartzen du parte eta berarekin euskaraz aritzen direla dio gizarte langileak: "Berarekin beti euskaraz hitz egiten dugu hizkuntza bere egunerokotasunaren parte izateko".

Matiako zuzendaritzaren idazkaritzak erlazio instituzional handia du eta normalean, harremana elebiduna bada ere, euskarak pisu handia du haiekiko komunikazioan. "Euskaraz gero eta gehiago komunikatzen gara kanpo erakundeekin eta instituzioekin, baina egoitzetan gure artean ere gero eta euskara gehiago erabiltzen dugu", azaldu du Garaik.

Euskaraldiak euskaraz hitz egin nahi duenari eta hizkuntza ikasi nahi duenari lagunduko diola uste dute. "Urtean behin taldeka euskarari bultzada emateak harro sentiarazten gaitu eta hori gure erantzukizuna da", esan du Zubizarretak.