Haurrentzat ekimen asko egiten dira euskararen alde, baina helduentzat ia ez dago horrelako ezer. uskaraldia da ariketa bakanetakoa, 16 urtetik gorako pertsonentzat egina. Egitasmoaren helburua horri bira bat ematea da, eta helduak haurrentzat eredu direla aintzat hartuta, euskara gizarte osora zabaltzea du xede.

"Guk gizarte guztiarentzako hizkuntza izatea bilatzen dugu eta eremu guztietan, edozeinekin eta edonola euskaraz egin ahal izatea dugu helburu", azaldu zion egunkari honi azaroaren hasieran egindako elkarrizketa batean Mikel Ozaitak, Euskaraldiaren koordinazio taldeko eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak.

Aurtengo Euskaraldia COVID-19ak eragindako pandemiak baldintzatuko badu ere, antolatzaileak buru-belarri aritu dira guztia antolatzen. Beraien ustez, "oraindik hizkuntza-ohiturak aldatzeko eman beharreko pauso asko daude", eta gaur egun, "inoiz baino garrantzitsuagoa" da euskara azaleratzea. Itxialdiaren ondorioz eskolak itxita egon direnean, haur askok euskara entzuteko aukerarik ez dute izan eta helduek ere ez, normalean horretarako baliatu ohi dituzten lekuetan -euskaltegiak, kultur ekitaldiak, herriko dendak, elkarteak...-.

Hizkuntza normalizatzeko eta pandemiak sortutako zailtasun horiei aurre egiteko, "norbanako bakoitzaren konpromisoa" bilatzen du orain Euskaraldiak. Horretarako, ahobizi edo belarriprest modura izena ematea eskatzen dute. "Euskaraz normal egin ahal izateko, bakoitzak bere hizkuntza-ohituren inguruko kontzientzia ariketa bat egin behar du. Batez ere, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenei euskaraz egin ahal izateko aukera emateko", azpimarratu zuen Ozaitak.

Horregatik, edizio honetan belarripresten garrantzia aldarrikatzen dute. Aurreko Euskaraldian belarriprest gisa parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa izan zuten gerora hizkun-tzarekiko. Aurtengo ediziorako dagoeneko 90.000 pertsonek eman dute izena Euskal Herrian, baina horietako gehienek ahobizi rolarekin. Hori horrela izanik, antolakuntzak Euskaraldian belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu die. Izena emateko epea ostegunera arte dago zabalik.