Azkenaldian Donostiako Antigua auzoko Matia kalean era guztietako harribitxiak doan eskuratzeko aukera ikusi duten lapurrek ez dute inolako mugarik: kamerak dituzten lokaletan sartu eta txikizioak eragin ostean, lasai asko irten dira amaitutakoan.

Horixe azaldu dio egunkari honi kale horretako Mil móviles dendan lan egiten duen Mateo Sánchezek. Eusko Jaurlaritzak etxeratze-agindua ezarri bezperan, hamabost mugikor inguru lapurtu zizkioten goizeko 3.00etan. "Kristala hautsi eta mugikorrak eraman zituzten. Alarmari esker izan genuen gertatutakoaren berri; hona etorri eta ate berria jarri arte bertan geratu behar izan genuen", azaldu du Sánchezek.

Dendan jarritako kamerei esker ikusi ahal izan zuten lapurreta xehetasun osoz. "Edonork lapurtu dezake hemen atea hautsiz gero. Badakigu poliziak kasu asko dituela, baina hamahiru minutu izan zituzten hona etortzeko, eta ez zen inor agertu; lapurrak lasaitasun osoz egin zuen egin beharrekoa", deitoratu zuen Sánchezek. Egoera honen aurrean "amorrua" senti-tzen du dendariak, ezin baitute lapurreta horiek saihesteko ezer egin.

Beraientzat tamalgarriena, bezero bati konpontzen ari ziren mugikorra lapurtu izana da: "Guri mugikorrak lapurtzeagatik ez da ezer gertatzen, baina bezeroenak lapurtzea ikaragarria da, informazioa baitago haietan".

elikagaiak

"Gurean duela hiru aste sartu ziren. Patio bat dugu atzealdean eta bertako ateak apurtu zituzten diru pixka bat eta jeneroa eramateko. Urdaiazpiko eta txorizo iberiarrak ostu zizkiguten; sagarrak, badaezpada, bertan utzi zituzten", azaldu du Angel Andrés fruta-dendan lan egiten duen Joxe Mari Gonzálezek. Kasualitatez, hurrengo egunean ordainketa bat egin behar zuten eta horretarako gordetako dirua ostu zieten. "Zorte txarra izan zen, baina ekiditeko moduko zorte txarra ordea. Ez diot hasieran egin zituzten lapurretengatik, baina hau, dagoeneko, olatu izugarria da", adierazi du Gonzalezek.

Fruta-dendan lapurtu zuten gau berean, beste lau lokaletan ere sartu ziren, "hiru Matia kalekoak eta bat Lorean". Hainbeste lapurreta izanik, polizia non dagoen galde-tzen du berak ere: "Uste dut kale honetatik apenas pasatzen direla ertzainak eta udaltzainak. Agian etxeratze-aginduagatik izango da, baina lapurrei horrek ez die askorik axola. Lapurtzera doanak, kosta ala kosta lapurtuko du beti. Pixka bat amorragarria da Matia bezalako kale esanguratsu batean horrelako gauzak gertatzea".

Fruta-dendan alarma jarrita zeukaten, baina lapurrek euren lana "berehala" egiten dutela dio Gonzalezek. "Ondotxo dakite zenbat denbora beharko duten. Kamerak dituzten dendetan ere sartu dira eta berdin zaie. Dendari batzuekin hitz egin dugu eta haietako batzuk desafiatu egin dituzte, lokaletako kamerei begiratuz. Txanoa eta buru-berokia dituztenez, ezin ezagutu", salatu du.

Orain arte, lanean daramatzaten 58 urtetan ez da lapurrik sartu Angel Andrés fruta-dendara, beraz, ez dituzte aparteko segurtasun neurririk ezarri. "Baina orain bai, egindako triskantza konpontzera etortzen direnean ate hobeak jarriko ditugu eta erabateko babes neurriak hartuko ditugu", aipatu du Gonzalezek.

diruaren bila

Ainara Adame estetika zentroan ere sartu ziren, eta kasu honetan, produktuen bila joan beharrean, kaxara joan ziren zuzenean. "Goizean etorri nintzenean kristala hautsita zegoen. Kaxan zeuden kanbioak eraman zituzten eta krema batzuk lurrera bota; guztia oso azkar egin zuten. Diru askorik ez zuten eraman, baina txikizioa handia izan zen", dio penaz Adamek. Bere lokalean ez dago ez kamerarik ez eta pertsianarik ere, eta lapurretak sufritzera "ohituta" dagoela dio. "Urtean behin sartzen dira estetika zentroan lapurtzera", salatu du.

Berdina egin zuten Ele vintage arropa dendan ere uda hasieran. "Ateari ostikoz jo, kaxako 80 euroak ostu eta ez zuten besterik ukitu", azaldu du bertako saltzaileak. Han ere bazuten alarma jarrita, baina triskantza azkar egin zutenez, polizia iristerako hanka eginda zeuden.

beldurra auzoan

Abuztutik hona "sekulako lapurreta olatua" gertatzen ari dela dio Ondarbide burdindegiko saltzaileak. "Guri ez digute lapurretarik egin, baina goizero entzuten dugu kasu berri bat izan dela auzoan eta hori ekiditeko, alarma jarri dugu dendan", esan digu.

Gertatzen ari denarekin "inpotentzia" eta "segurtasun eza" sentitzen dute dendariek. "Atentzioa ematen digu gau batean denda batean lapurtu eta hurrengoan sei lekutan sartzeak. Nola liteke gau berean sei lekutan sartzea? Hemen ez daukagu inolako zaintzarik eta seguruago sentitzea gustatuko litzaiguke; ez dendari gisa bakarrik, baita auzokide garenetik ere", nabarmendu du burdindegiko saltzaileak.

Auzoan "oso beldurtuta" dagoen jendearekin hitz egin omen du: "Horrelako gauzak gertatzen ari direla jakinda, segun eta zer ordu den, sekulako beldurra sentitzen duzu; batez ere, ingurua zaintzen inor ez badabil".

Ertzaintzak egunkari honi jakinarazi dionez, azken hiru asteetan hiru salaketa jarri omen dituzte Matia kaleko saltokietako jabeek.

Lapur batzuk saltokietako dendariak desafiatzera iritsi dira larpurtzen ari ziren bitartean kamerari zuzenean begiratuz

"Amorragarria da Matia bezalako kale esanguratsu batean horrelako gauzak gertatzea"

Angel Andrés fruta-dendako dendaria

"Guretzat bezeroen mugikorrak lapurtzea ikaragarria da, informazioa baitago haietan"

Mil móviles dendako dendaria

"Kaxan zeuden kanbioak eraman zituzten eta krema batzuk lurrera bota; guztia oso azkar egin zuten"

Ainara estetika zentroaren jabea