- Euskaraldiaren aurtengo ediziorako jadanik 90.000 pertsonatik gora eman dute izena Euskal Herrian, baina horietako gehienek ahobizi rolarekin. Horregatik, antolakuntzak Euskaraldian belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei parte hartzeko gonbita egin zien atzo.

Azaroaren 20tik abenduraren 4ra bitartean ospatuko den ariketa kolektiborako 421 udalerrik eman dute izena eta 25.000 arigunetik gora sortu dira 6.800 entitatetan. "Ezohiko Euskaraldia izango da aurtengoa, gauza asko aldatu behar izan ditugu", adierazi zuen atzo Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topagunearen zuzendariak. Hala ere, zailtasunak zailtasun, ariketa sozialak "euskararen berreskurapenerako eta gizarte kohesiorako ekartzen duen balioa" azpimarratu zuen. "COVID-19ak baldintzatutako ariketa soziala izango da aurtengoa", gogoratu zuen Arrate Illarok, Euskaraldiaren koordinatzaileak. Bere esanetan, harreman sozialak mugatuta ditugun arren, jarraitzen dugu modu batean ala bestean gure inguruko senideekin, etxekoekin, lankideekin, lagunekin, merkatariekin... hitz egiten. Hortaz, elkarrizketa horietan guztietan hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzera animatu zuen. Izan ere, nahiz eta hurrengo asteetan kaleetan presentzia gutxiago izango dugun, eremu digitalaren bidez ere elkarrizketa asko mantentzen dira.

Ariketaren bigarren edizio honetan izena emateko hiru bide daude. Batetik, Euskaraldiaren webgunearen bidez. Bestetik, herriz herri batzordeak antolatzen ari diren informazio guneetan. Eta, azkenik, telefono mugikorretarako sortu den aplikazioaren bidez. Lehen edizioan bezala, parte-hartzaile gisa identifikatzea ezinbestekoa izango da. Horrela, belarriprest eta ahobizi rola hartzen dutenek txapa erabiliko dute. Ariguneak ere identifikatuko dira, euskarri fisikoak erabilita zein telefono aplikazioan geolokalizatuta. Horrez gain, leiho, balkoi eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak jartzeko proposamena luzatu dute. Materiala datorren astetik aurrera banatuko da herrietako informazio guneetan.

"Inoiz baino garrantzitsuagoa da euskal hiztunon eta euskara ulertzen dugunon giza komunitatea trinko-tzea eta sendotzea", adierazi zuen atzo Bingen Zupiriak, Kultura sailburuak, belarriprestei parte hartzeko gonbita egin baino lehen. "Nire paparrean belarri bat eramango dut ikur gisa nirekin euskaraz hitz egin dezakeen edonork euskara erabili dezan", azaldu zuen. Bere ondoan, Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak mugak eta beldurrak apurtzeko deia egin zuen. "Gure burua lagunduko duten zereginak behar ditugu eta ez dago zereginik gure altxor hizkuntza hau hedatu, zabaldu, erabili eta ikasi bezain politagorik", gaineratu zuen.