- Elizaren etorkizunaz beldu zara?

-Ni ez nago etorkizunarekin oso kezkatuta. Egungoari begiratu behar diogu. Elizak egin behar duena gizartearen egungo beharrei era egokian erantzutea da. Ondo egiten badugu, etorkizun hobea izango dugu. Aldiz, ez badiogu eran-tzun egokia ematen, orduan bai, kezka eta beldurra izan behar dugu. Une honetan, nire ustez, jendeak itxaropen falta sentitzen du. Itxaropena eman behar diegu.

Gizarteak orokorrean aldaketa behar duela diozu zure hausnarketetan. Posible ikuste al duzu?

-Egoera berri bat ez da sortzen gu ez bagara bihotz berritzen. Betikoak baldin bagabiltza betikoari eusten, betiko komodidadean, ba orduan ez da sortzen egoera berri bat.

Konpromezu falta sumatze al duzu egungo gizartean?

-Bai. Konpromezu falta, komodidea, berekoikeri handi bat, axolagabekeri bat... Axolagabekeriaren globalizazioa, dio aita santuak. Orain ere ozen entzun beharko genuke Bibliako aurreneko orrietan esaten dena, Cain eta Abelen istorioan: Non dago zure anaia? Eta horri erantzun behar diogu eta bizi nahi badugu etsai bezala eta bata besteari inposatu eta ahal den guztia guretzako zurrupatuz, etabar, ba horrek ez du etorkizunik. Edo denak batera egiten dugu, edo ez dugu etorkizunik. Eta horretarako, konpromezua behar da eta kosta egiten da.

Itxaropenik baduzu horretan?

-Auspotu behar dugu itxaropena eta posible dela esan, baina horretarako, agintariak ere konprometitu egin behar dira eredu berriekin; ez bakarrik neurri higienikoekin eta ekonomiarekin. Edo ereduak aldatzen ditugu edo orduan bai kezka izan behar dugula. Ezin dugu egungo kontsumismoan jarraitu. Ez da jasangarria.

Inork esan al dizu ez duzula apaiz ematen, pertsona normala baizik?

-Normala, Jainkoari eskerrak; hori nahi izan dugu beti, pertsona normalak izan. Ni, kakotxen artean jartzen dut: ez naiz apaiz sentizen. Apaiz naiz, baina aurrena gizaki eta fededun sentitzen naiz; euskaldun bat konprometitua bere garai eta egoerekin; eta ondoren, apaiz eta elizkide.

Zortzi urtez jadanik Azkoitiko erretore. Zer ikasi duzu herrian?

-Badago kristau elkarte fina hemen. Eta gero, bolondres asko ere badaude. Kristau elkarte bat ez da mugitzen bestela. Laiko asko daude konprometituak kristau elkartea aurrera ateratzen, herria erdian, ahal dugun erarik onenean. Oso pozik nago.

Laiko horiek laguntzen zaituzte herrikide izaten eta oinak lurrean mantentzen?

-Errealitatearen arnasa galtzen baduzu, ez duzu zer eginik. Gero, noski, behar duzu auspotuko zaituen izpiritu bat eta fedean daukat hori, baina errealitatea sentitu behar duzu gertutik. Ezin diozu herriari goitik behera begiratu. Maitasunez begiratu behar diozu inguratzen zaituen errealitateari. Zerbitzari eta apal.