Gaur, animaliak beraien natur ingurunera nola itzultzen dituzten erakutsiko dute basozainek, izan ere, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako bi hegazti askatuko baitituzte Anduetza parketxean: arrano txiki bat eta zapelatz bat. geldoko Arrano Etxera zauritutako 300-400 animalia inguru ekartzen dituzte urtero, gutxi gorabehera. Osatzen direnean, itzultzen saia-tzen dira basozainak.

Gipuzkoako Parketxe Saretik antolatutako jarduera horren hi-tzordua goizeko 11.00etan izango da eta 45 minutuko iraupena izango du. “Hegaztiak askatu baino lehen, Igeldoko Arrano Etxean egiten duten lana azaltzen diegu bisitariei eta baita min hartutako hegazti bakoitzaren kasua ere. Normalean, kableekin, zutabeekin eta errepideetan soinua ekiditeko jar-tzen dituzten pantailekin zauritzen dira. Beste kasu batzuetan, ehizaren ondorioak ere pairatzen dituzte, perdigoien batek zauritu ostean; baina hori ez da ohikoena izaten”, azaldu dio egunkari honi Nerea Tauschke-k, Anduetza parketxeko koordinatzaileak.

Igeldoko Arrano Etxera eramaten dituzten hegaztiak normalean Gipuzkoan jasotakoak izaten dira. Sendatzen direnean, kutxa ilun ba-tzuetan egoten dira lasai-lasai, eta jarraian, sareekin mugatutako eremu batera eramaten dituzte. “Eremu horretan, libreki egiten dute hegan eta bizirik dauden animaliak ehizatzen dituzte elikatzeko. Hegaztiak ehizatzeko gai direla eta beraien kabuz bizitzeko prest daudela ikusten dutenean, Arrano Etxeko arduradunek askatu egiten dituzte”, adierazi du Tauschke-k.

Osatuta dauden hegaztiak parketxetara eramaten dituzte basozainek, eta beraiek arduratzen dira aske uzteaz. “Parketxeko langileok ez ditugu hegaztiak ukitzen, hegaztien eta gizakien arteko harremanak ez baitu, normalean, estua izan behar. Animalia basatiak direnez, ezaugarri hori mantendu egin behar dute. Parketxeak hegaztiak askatzeko bitartekariak dira”, esan du Anduetzako koordinatzaileak.

Gaur askatuko dituzten hegaztiek bi hilabete inguru eman dituzte Igeldoko Arrano Etxean. “Zapelatza gaztea da, eta Molinaon, Pasaian, aurkitu zuen pertsona batek abuztuaren 28an. Kolpe bat zuen hegaztiak, baina ez dakigu zerk eragin zion”, azaldu du Iñigo Mendiolak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzako zerbitzuburuak.

Arrano txikia, berriz, heldua da eta Donostiako Bidebietan aurkitu zuen pertsona batek abuztuaren 13an. “Honek ere kolpe bat zeukan, eta ez dakigu nola zauritu zen”, azaldu du Mendiolak. “Biak dagoeneko ondo daude eta aske bizitzeko prest”, gehitu du.

Jardueran parte hartuko duen taldeak partaide-kopuru mugatua izango du eta nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea www.gipuzkoanatura.eus webgunean, edota hurrengo bi telefono zenbakietara deituta: 943 802 187 edo 688 895 069. Adin guztietako pertsonei zuzenduta dago eta hiru euro ordaindu beharko dira pertsonako. Gainera, musukoa eramatea nahitaezkoa izango da, segurtasun-distantzia mantendu arren.

Gaurko beste hi-tzordu bat ere antolatu du Anduetza parketxeak Zegaman. Ondarearen Europako Jardunaldiak izeneko egitarauaren baitan, Otzaurtetik lau kilometrora dagoen Aldaola aparkalekutik San Adrian igarobidera txangoa egiteko aukera egongo da -UNESCOk Gizateriaren ondare modura katalogatuta duena-.

Lehenengo irteera 9.30ean izango da gaztelaniaz; eta bigarrena, euskaraz, 12.00etan. Txangoan parte hartzeko ere izena eman behar da aurrez aipatutako bide berberak erabiliz. Adin guztietako pertsonentzako ekintza izango da eta bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu.