Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan antolatuta, aurtengo XXXVII. Euskal Herriko Artzai Gazta lehiaketa a Leze gaztandegi arabarrak irabazi du . "Konfinamenduan egin genuen gazta irabazlea: zuria da, txapelketa guztietara aurkezten dugun bezala. Zaporetsua eta arina", azaldu zuen Eli Gorrotxategik, Jose Mari Jauregi bikotea alboan zuela. "Beti izaten da esperantza, eta finalera sailkatu garela esan digutenean, ordurako dagoeneko pozik geunden. Irabaztea ez genuen espero, eta izugarrizko poza izan da", gehitu zuen Jauregik. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldekako lehiaketetan sailkatutako gazta onenek parte hartu zuten lehiaketan, eta bigarren postua eta hirugarrena ere Arabara joan ziren: Galarretako Azkarra gaztandegira eta Patxi Lopez de Uralderen Larreako Gaztara, hurrenez hurren. Hirugarren postuan berdinketa izan zen Ander Barandiaran, Albi eta Lopez de Uralderen artean, baina azkenean arabarrak eskuratu zuen brontzezko postua.COVID19aren ondorioz, hainbat segurtasun neurri hartu zituen antolakuntzak. Horregatik, hasierako fasea ateak itxita izan zen, eta 12.00etan zabaldu ziztuzten ateak, herritarrak bertara sartu zitezen. Epaimahaikideak hirunaka banatuta eta distantziak errespetatuz egon ziren.

Guztira, 32 gaztak parte hartu zuten, eta epaimahaikideek gazten maila ona nabarmendu zuten. "Maila altuko produktua da, dudarik gabe. Gure kasuan, esaterako, gazta tarta egiteko erabiltzen dugu. Joko handia ematen du sukaldean", azaldu zuen Rafa Gorrotxategi gozogileak. Joseba Arguiñanok ere bide beretik egin zituen azalpenak: "Gazta batzuk bakarrik jateko erabiltzen ditugu, beste batzuk nahasketak egiteko€ gaur, baina, asko ikasteko aukera izan dut, eta ikasitako hori sukaldean aplikatu ahalko dut, gainera".

Sari banaketan izan ziren Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Idiazabalgo Udaleko eta Artzai Gaztako ordezkariekin batera. "Orain gaizki pasa beharreko denbora da, baina gure produktuek duten posizioa ez galtzeko beharrezkoa da halako ekimenak mantentzea, segurtasun neurriekin. Gazta saltzea ezinbestekoa da, duen balioa emanez", nabarmendu zuen Orozek. Arruti, bestalde, merkaturatzearen inguruan mintzatu zen: "Urratsak ematen jarraituko dugu, bertako produktuen alde. Ekoizleei ere mezu bat helarazi nahi diet: erronka handiak dauzkagu, baina sektoreak batuta izan behar du eta erakundeekin elkarlana izatea funtsezkoa da. Helburu nagusietan ados jartzea beharrezkoa dugu garai hauetan".

Jose Maria Uztarroz Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakariari omenaldi txiki bat egin zioten sari banaketa baino lehen, bizitza osoa baserri munduarekin eta horren balioekin, artzainekin, ardi latxarekin eta Idiazabal gaztarekin konprometituta egoteagatik. Makila eta txapela jarri zizkion Aitor Campion Artzai Gaztako zuzendariak eta artzain guztien izenean esker onak eman zizkion.