- Lau mahai-inguru antolatu dituzte Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Emakundek euskararen eta feminismoaren inguruan hausnartzeko. Horretarako, Euskararen Aholko Batzordearen menpekoa den Hizkuntza eta Generoa batzordearen laguntza jaso dute. Azaroko astearteetan, 10.00etan eta on line, garatuko diren mahai-inguruetan parte hatzeko euskaraetafeminismoa.eus webgunean eman daiteke izena.

Azaroaren 3an, Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat izenburupean Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel ariko dira, Eider Olazarren aurkeztuta, eta hilaren 10ean, Irene Arrarats eta Lutxo Egia izango dira Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara mahai-inguruan. Halaber, azaroaren 17an, Hizkun-tza, generoa eta beste menderakun-tza batzuk gaiaz ariko dira Tarana Karim, Palmira Dual eta Leocadia Bueriberi, Amelia Barquinek aurkeztuta, eta bukatzeko, hilaren 24an, Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak mahai-ingurua egingo da, Mari Luz Esteban, Saioa Iraola eta Elurre Iriarterekin, Onintza Iruretak aurkeztuta.

"Feminismoa eta euskara gai ezberdinak izanik ere, azken urteetan bien arteko hausnarketa konpartituak egin dira", adierazi zuen atzo, prentsaurrekoan, Izaskun Landaidak, Emakunderen zuzendariak. Hori dela eta, bien arteko "harremanaz, gurutzaketaz eta sinergiei buruz" aritzeko antolatu dira jardunaldiak. Izan ere, bere ustetan, bai euskara eta bai berdintasuna gizarteko eremu guztietara heldu behar dute, hori baita "euskararen eta berdintasunaren alde lanean erangikorrak izateko modu bakarrak".

Ildo beretik jarraituz, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Hizkuntza eta Generoa batzordea sortzea, alor horietan adituak diren pertsonekin, aurrerapauso handia izan dela adierazi zuen. "Helburua batzorde horrek hizkun-tza eta generoaren inguruan aurrera eraman ditzakegun praktika onak bultzatzen laguntzea da", esan zuen Irene Arraratsek gidatuko duen batzordearen inguruan. Dobaranen esanetan, proiektu askotarikoak sortzeko aukera eskainiko du. Hala nola aurkeztear dagoen Hiztegi feminista. Baina baita hasitako bidea jarraitzeko abagunea ere izango da. Izan ere, azken legegintzaldian Simone de Beauvoiren Bigarren sexua itzuli izanak zerotik abiatzen den lana ez dela esan nahi du.