- 'Euskararen Herria ehuntzen' izenekoa, unitate didaktibo berriak hizkuntzaren egoerari buruzko hausnarketa kritikoa sustatzea du helburu, "iragana errepasatuz, oraina aztertuz, eta etorkizuna aurreikusiz; euskararen lurralde guztietako gazteak lagun izanik".

Atzo Donostian aurkeztu zuten "Euskararen Herria ehuntzen" egitasmoa, 2019an ospatu zen Euskaltzaindiaren mendeurrenaren inguruan sortu zen, eta Euskaltzaindiak zein EHIk euskal ikastetxe guztietara zabaldu nahi dute.

"Gazteak dira euskararen lurraldea ehuntzen jarraituko dutenak, eta haien konpromisoa ezinbestekoa da gure hizkuntza bultzatzeko eta berri-tzeko", adierazi zuen Euskaltzaindiak Gipuzkoan duen ordezkari Miriam Urkia euskaltzainak.

Unitate didaktikoaren helburu nagusia euskararen inguruko hausnarketa sustatzea da. Horretarako, gazteak taldeka (urgazle-taldeak) antolatzera gonbidatuko dira, eta oinarrizko hainbat gairi buruzko galderei erantzungo diete: "Zein da euskarak zure hurbileko zirkuluan duen presentzia? Zergatik komunikatzen zara euskaraz edota beste hizkuntza batean? Zer ekarpen egin diezaioket euskarari? Zer ekarpen egin dio euskarak Euskal Herriko bizikidetzari?".

Proposamena Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago, eta euskararen "ikerketa soziolinguistiko moduko bat" proposatzen zaie. "Funtsean, euskarak beraien egunerokotasunean duen presentziaren inguruan, ikasleek hausnarketa egitea da helburua", azpimarratu zuten.

Euskaltzaindia eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea elkarlanean aritu dira material hori sortzen eta aurrera ateratzen, eta bi erakundeen asmoa, materiala ikastetxe guztiei doan eskaintzea da. Gainera, erabili ahala, unitate didaktikoa osatu eta eguneratu egingo da.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak nabarmendu zuenez, tresna digital honekin gazteek "gure errealitate soziolinguistikoa eta gure inguruko hizkuntza gutxituena hobeto ezagutu ahal izango dute".

Taldeka antolatzeko gonbitea luzatuko zaie gazteei, euskararekin duten harremanari buruzko galdera batzuk erantzuteko