- Kontsumorako konfiantza-indizea 30 puntu negatibora jaitsi da COVID-19aren eraginez Euskadiko etxeetan aurreko hiru hilabeteetakoa okertuz, -24koa baitzen.

Hori adierazten du Laboral Kutxak ostegun honetan zabaldutako txostenak, uztailean, abuztuan eta irailean egindako konfiantza-inkestan oinarrituta. Bertan ondorioztatzen denez, urteko azken hilabeteei aurre egiterako orduan, euskal familiek pandemiaren "bigarren olatua" eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren "narriadura progresiboa" oso presente omen dituzte.

Ikerketaren arabera, 2020ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, Euskadiko familiek 2015etik hona irabazitako konfiantza galdu dute, eta galera horretan "ekonomia orokorraren eta enpleguaren bilakaerari buruzko ziurgabetasuna nagusitzen da".

Etxeetako erabakiak, beraz, "zuhurtziak" baldintzatuko ditu, aurreztearen aldeko jarrerak, eta kontsumo zein inbertsio aukeren atzerapenak.

Ikerketak azaltzen duenez, egungo ezkortasun maila "2008ko krisiaren antzekoa" omen da, nahiz eta testuinguruak "oso ezberdinak" izan, eta susperraldia "pandemiaren kontrolaren eta arintzearen" menpe egon.

Txostenaren arabera, familiek bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz duten iritzia -30 puntukoa da Euskadin, -27koa Espainia osoan eta -16koa Europar Batasuneko batez bestekoan.

Inkesta horretan azaleratu denez, "egoerak okerrera egingo du"-enaren iritzia gailentzen da. Ekonomia orokorrarekiko itxaropena -45 puntukoa da, enpleguarena berriz, -58koa. Iritzi horiek erabat "hondoratuta" agertzen dira, bigarren hiruhilekoan (-32 eta -44, hurrenez hurren) baino okerragoak direlarik.

Aurreikuspen eta aurrezteko gaitasunarekiko gure etxetako balorazioa ere kopuru negatiboetan ager-tzen da, baina aurreko aldiko (-15 eta -4) kopuru antzekoetan, ekonomia orokorrarekin gertatu ez bezala.

Konfiantza galtzeaz gain, azterlanaren arabera, familiek prezioen igoera txikia aurreikusten omen dute. Erosteko momentuaren inguruko balorazio negatiboari eusten diote (-10); eta erosketa handiak egiteko asmoak ere, hala nola etxebizitza edo ibilgailua, kopuru negatiboan jarraitzen du (-21).