- Zaldibar Argitu plataformak zabortegia eraitsi izanaren erantzuleen aurkako epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko dela jakinarazi du, istripua gertatu zenetik zortzi hilabete pasa direnean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren arduradunekin batera eskainitako prentsaurrekoan, plataforma horretako ordezkariek atzo iragarri zuten epaiketan izateko asmoa dutela, “herriarekiko konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik; herritarren ahotsak epaiketan egon behar duelako”, adierazi zuten.

Era berean, azpimarratu zuten, “kudeaketa negargarrian eran-tzukizun zuzena duten” zabortegiko arduradunek eta erakunde publikoek “eskuak garbitu” nahi dituztela.

Gainera, “erantzukizunak argitzea” eta gertakariaren inguruko “informazio gardena, ezinbestekoa” dela aldarrikatu dute, horrelako gertaerak errepika ez daitezen.

Bide batez, akusazio gisa agertzeak eragindako gastuak ordaintzeko diru-bilketa kanpaina abian jarriko duten bi erakundeok iragarri zuten, urriaren 8an, desagertuta jarraitzen duen Joaquin Beltran langilearen herrian, Zallan, mobilizazio bat sustatuko dutela.

Ekitaldi horretan gogora ekarriko dute gizonaren gorpuak zortzi hilabete daramatzala zabortegiko hondakinen azpian lurperatuta.