Lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren, egun bakarreko festa urte osora zabaltzeko eta antolakuntza Gipuzkoako gainontzeko ikastolekin partekatzeko apustua martxan jartzen hasi ziren iaz Zubimusu ikastolan. Pandemiaren agerpenak, aldiz, prozesua hankaz gora jarri zuen. "Ez da erraza izan urte honek ekarri dizkigun egoerak gainditzea, baina egokitzen jakin dugu", adierazi zuen Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolen zuzendarigerente den Nerea Zumeagak ekitaldiaren aurkezpenean. Azkenean, urriko lehenengo igandeko jai handiaren ordez gaur egungo egoerara egokitutako astebeteko egitarau xumea izaten ari da 2020ko Kilometroak.

Aurtengo ediziorako hautatutako leloak, Korri, punpa, ttak, ezin hobe laburbiltzen du Zubimusu ikastolak Gipuzkoako ikastolen jaia aurrera ateratzeko ahalegina. Urrian ekin zioten jai eredu berria diseinatzeari gainon-tzeko ikastolekin batera. Urte hasieran dagoeneko prest zituzten Tolosaldeko eta Oarsoaldeko zentroen laguntzarekin antolatutako jaialdi txikiak, baina COVID-19arekin bertan behera gelditu ziren. Pandemiaren bilakaerak ere urriko egun handia baztertzera eraman zuen, baina gaur egungo egoerara moldatuta aurrera egiteko ahalmena erakutsi dute. "Pandemiak gure asmoak behar bezala garatzen ez utzi arren, eredu berriaren planteamendua hasi da fruituak ematen", ebatsi zuen Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak.

Hain zuzen, lehen aldia da Zubimusu ikastolak Kilometroen jaia antolatzen duena. Aiztondoko bailaran kokatuta, Villabona-Amasako hiriguneko eta Txermin auzoko eraikinek eta Zizurkilgo ikastetxeak osatzen dute Zubimusu ikastola. 2018an Milimetroak festa txikia antolatzeko ardura izan zuen ikastolak, etorkizunean etorri behar zuenaren ikasbidea. Nahiz eta hasierako asmoak atzean gelditu diren, aurtengo helburua ikastolen eredua eta Zubimusuren irudia bailaran zabaltzea eta indartzea izaten jarraitzen du.

Mendimetroak

Nahiz eta koronabirusak Zubimusu ikastolaren ekintza esparrua mugatu, jaialdiarekin aurrera jarraitzeko bide desberdinak aurkitu dituzte. Iaz Zarautzen martxan jarritako Mendimetroak egitasmoari jarraipena eman diote aurten ere Villabona-Amasan eta Zizurkilen. Aiztondoko inguruak eta bazterrak ezagutzeko helburuarekin, haur eta gazteentzat zuzendutako sei ibilbide proposatu ditu ikastolak.

Bestetik, Kilometroen arropa eta material salmenta ez du etenik izan. Amasa-Villabonako denda pasa den azarotik darama irekita eta uda honetan Gipuzkoako txoko desberdinetara eraman dituzte arropak. Besteak beste, Gure Zirkua Orion izan zen hilabete osoan Kilometroak 2020ko produktuak erosteko aukera izan zen.

Kilometroak Astea

Urriaren 4ko jai egun handia baztertu ondoren, astebeteko egitarau xumea izango zela iragarri zuen Zubimusu ikastolak. Pasa den astelehenean, irailak 28, ekin zioten jarduerei eta bihar arte izango dute jarraipena. Programazioa hasiera batean diseinatutakoaren desberdina izan arren, antolatzaileek oinarri berberei eutsi diete: herrigintza, kultura, hezkuntza herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia.

Gaur arratsaldean Kalean Otso, Etxean Uso izeneko antzezlana izango da Villabonako Errebote plazan eta jarraian Andoni Ollokiegik kontzertua emango du. Bihar, aldiz, lekukoaren emate ekitaldia egingo dute 11.00etatik aurrera Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Kilometroak zikloari amaiera emateko Zubimusuko komunitateko aitona-amonei zuzendutako omenaldia egingo dute 12.00etan ikastolako Txermine eraikinean. Ekitaldietara joateko ezinbestekoa izango da aurrez sarrera eskuratzea, aforoa mugatua egongo baita.

Egoerak hala behartuta, aurten ez da jendetzarik bilduko Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuari babesa emateko. Hala ere, Gipuzkoako Ikastolen aldeko egitasmoari eta Zubimusuren 2zia proiektuari laguntzeko aukera izango da Tanta txartelen bidez, Kilometroak.eus webgunean eskura daitezkeenak. Bakoitzak bost euroko kostua du eta erosleek urriaren 21ean egingo den 60.000 euroko zozketan parte hartuko dute.