- Etorkizuna Eraikiz estrategiak 2018an jarri zuen OKencasa proiektua martxan Gipuzkoako 210 familiatan, eta lortutako emaitza onak ikusita, 1.000 familiari zabaltzea erabaki dute, EHUko eta London School of Economics-eko (LSE) talde zientifikoek metodologia baliozkotzat jo ondoren. OKencasa, etxebizitzan bertan mendekotasuna duen adineko senitarteko bat zaintzen duten pertsonei zuzendutako laguntza-programa da, eta haien bizi-kalitatea hobetzea eta zainketa-lanaren eguneroko jarduna erraztea du helburu.

Programaren fase berri hau atzo aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian eta bertan izan ziren Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Iñigo Kortabitarte ekimenaren sustatzailea eta Juan José Calvo geriatriako mediku espezialista eta Sesosgiko zuzendari teknikoa.

Zaintzen dutenak zaintzen premisari helduta, OKencasak prestakun-tza, antolakuntza-tresnak, laguntza psikosoziala eta zerbitzu erabilgarrietako abantailak uztartzen ditu, senide zaintzaileei laguntzeko. "Esperimentazioan oinarrituta dago eta lehen faseko emaitza onak ikusita, bigarren faseari ekingo dio proiektuak. Gainera, oraingoan familia gehiagorengana iritsiko da", azaldu zuen Peñak prentsaurrekoan.

Hori lortzeko, Donostiaz gain -orain arte Donostian egin baita programa pilotua-, Irunera, Pasaiara, Errenteriara eta Ataunera ere zabalduko da proiektua. Mendekotasuna duten senideak (dementziak, mugikortasun murriztua -osteoartrosia, hezurrak eta artikulazioak, bizkarrezurra eta bizkarra, osteoporosia-, gaixotasun kardiobaskularrak edota zerebrobaskularrak, Parkinsonen gaixotasuna edo diabetesa) zaintzen dituzten pertsonei zuzenduta dago, eta doakoa da.

Amilibiaren esanetan, EAEn 60.000-80.000 zaintzaile inguru daude -informazio iturriaren arabera datua aldatu egiten baita-. "Zaintzaile horiek guztiak, beraiek ere, fisikoki eta psikologikoki zaindu egin behar dira. OKencasa zaintzailea, ondo egoten laguntzen duen proiektua da eta horretarako baliabideak eskaintzen ditu", esan zuen sailburuordeak. "Gainera, tresna hau osagarria ere bada zaintzaileentzat beste zerbitzu eta prestazio ekonomiko batzuekiko. Hala nola, udal-zaintzaileentzako laguntza-zerbitzuak, atseden-zerbi-tzuak, laguntza-produktuetarako sarbidea (laguntza teknikoak) edo Familia Barruko Zaintzetarako Prestazio Ekonomikoa", gehitu zuen.

Laguntza-programak hainbat baliabide jartzen ditu zain-tzaileen eskura. Alde batetik, zainketa-lanen koordinazioa errazteko tresnak eskaintzen ditu. Bestalde, online prestakuntza bitartez, zaindu beharreko pertsona hori hobeto zaintzen irakasten dute, baita zain-tzaileek euren burua modu eraginkorrean nola zaindu ere, zainketa-lanak beraien osasun fisikoan eta emozionalean duen eragina arin-tzeko.

Gainera, familia-zainketarako espezialista bat ere eskaintzen dute, unerik zailenetan laguntza jaso ahal izateko. Eta azkenik, zerbitzu erabilgarrietan hainbat deskontu eskuratu ditzakete zaintzaileek; hala nola, fisioterapia, etxebizitzaren egokitzapena, lege-aholkularitza eta administrazio-tramitazioetarako aholkularitza zerbitzua.

EHUk eta LSEk lehenengo fasean egindako azterketen emaitzak azaldu zituen Kortabitartek. EHU zaintzaileen ongizatea aztertzeaz arduratu da, eta argi ondorioztatu du zaintzailearen gainkarga fisikoa eta emozionala, edo "zaintzaile errearen sindromea", murriztu egiten duela programa honek.

Azterketaren emaitzek erakusten dutenez, zaintzailearen "auto-eraginkortasuna" ere hobetu egiten da eguneroko egoerak ebazteko orduan, eta bere "asebetetze orokorra" ere handitu egiten da, eskain-tzen duen zerbitzuari dagokionean.

LSEk, bere aldetik, OKencasaren emaitzak aztertu ditu "kostu-eraginkortasunari" erreparatuz, eta "eragin ekonomiko positiboak" baieztatu ditu. Zehazki aztertu du programak, artatu dituen eta etxetik kanpo lan egiten duten zaintzaileek, gutxitu egin dituztela lantokian egiten dituzten ordutegi aldaketak, dirua galtzea saihestuz.

OKencasaren laguntza duten zaintzaileek, laguntza-baliabide publiko gutxiago erabiliz gero, 2.615 euro aurrezten dira urtean pertsona bakoitzeko. Londresko fakultatearen azterketak adierazten duenez, jasotzen duten lagun-tzari esker haien bizi-kalitatea hobetzea "urteko errenta handitzearen baliokide" izango litzateke -13.965 euroko errenta zaintzaileko- .

Laguntza-sistemara sartu ahal izateko, gailu mugikorretarako Zaindoo aplikazioa erabili behar da. Horren bidez, harreman eta lagun-tza-bide bat sortzen da zaintzailearekin. Hala ere, programan parte hartzeko nahitaezkoa da, gutxienez urtebetez, 60 urtetik gorako pertsonaren bat etxean zaintzen aritu izatea.