- Lesbosen gertatutako triskantzari "tamainako erantzuna" emateko, Zaporeak ekimenak janari bilketa erraldoia egin nahi du ostiralean eta larunbatean. Euskal Herri osoan jarri nahi dituzte bilketa guneak (Donostian, Bretxan izango da) eta bereziki elikagai lehorrak eskatu dituzte: arroz luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, sardinak eta atuna latan, oliba olioa eta espeziak. Haurrentzako esne-hautsa eta barrita energetikoak ere bai.

Morian zeuden 13.000 pertsonen egoera larria dela oso esan zuten atzo Peio Garcia Amiano eta Irati Azkue Zaporeak ekimeneko kideek. Egoerari erantzuteko haien lana bikoiztu dutela ere esan zuten, eta orain egunean 4.500 jatordu banatzen dituztela. Horrek, ordea, haien gastuak ere handitu ditu. Gainera, pandemiaren ondorioz, elikagaien hornidura arazo bihurtu dela ere esan zuen Garcia Amianok. Hala, euskal herritarrei laguntzeko deia egin diete. "Ikaragarria izan da beti herriaren erantzuna eta orain ere erantzungo duela ziur gaude", esan zuen. Arropa bilketa egin zutenean aurreikuspen guztiak gainditu eta hamahiru trailer bete zituztela gogoratu zuen. "Ea orain beste hamahiru betetzen ditugun", gaineratu zuen Azkuek. Trailer horiek finantzatzeko, ordea, laguntza ekonomikoa ere beharko dutela esan zuten (bakoitzak 7.000 euroko kostua dauka).

Garcia Amianok eta Azkuek Lesbosen egoerak okerrera egin duela kontatu zuten, eta errefuxiatu askok ez dutela zigiluz itxitako kanpamenduan sartu nahi. Errepidean dauden horiei guztiei jatorduak emateagatik edo laguntzeagatik Greziako gobernuak GKEak salatu egingo dituela esan duela kontatu zuten, eta horrek haien lana are zailago egiten duela. Hala ere, jarraituko dutela esan zuten, jatordu duinak ematen batez ere behar handiagoa dutenei (gaixoak, umeak, haurdun daudenak...).

Herriz herri ostiral eta larunbateko bilketa antolatzen laguntzeko prest dauden talde edo norbanakoei haiekin harremanetan jartzeko gonbita egin zieten, guztia antolatzen laguntzeko.