- Hilaren 15ean hiru flamenko agertu ziren Irungo Txingudi ekoetxean eta migrazioetan maiz gertatzen den bezala, horietako batek hegal bat oso kaltetuta zeukala ikusi zuten bertako langileek. Hainbat aldiz saiatu ziren hegaztia harrapatzen, baina uretara ihes egiten zien flamenko zaurituak.

"Ez dakigu zer gertatu zitzaion, baina hegal bat puskatuta agertu zen. Egun batzuk egon da hegan egin ezinda eta gu animaliaren bilakaera adi jarraitzen aritu gara", azaldu zioten atzo egunkari honi Txingudiko iturriek. Larunbat eguerdian bertako aireportuaren ertzean zegoen. Itsasgora bortitzak Amuterantz bultzatu zuen eta han harrapatzea lortu zuten Txingudiko kideek, inolako kalterik jasan gabe.

Eskuineko hegalean irekitako zauri bat zeukala baieztatu zuten eta Arrano Etxera deitzea erabaki zuten. Bertan animalia artatzeko baliabiderik ez zutela esan zieten, eta flamenkoa aske uztea gomendatu zieten. "Azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arizmendi finkara eraman genuen eta han ari dira flamenkoa tratatzen", azaldu zuten Txingudiko langileek.

Txingudi ekoetxeak Facebook-en azaldu duenaren arabera, flamenkoak Arizmendi finkan albaitari-arreta jasoko du eta putzu bat eta Artemia salina espeziean oinarritutako elikadura izango ditu osatzen den bitartean.