- Eibarko Gorosta auzoko pinudi batean piztutako sutean pertsona bat artatu behar izan zuten atzo kea arnastu ondoren. Dirudienez, moztutako enbor batzuek sua hartutakoan gertatu zen ezbeharra, 12.45 aldera.

Segurtasun Sailaren arabera, 16.00etarako sua kontrolatzea lortu bazuten ere, 20.00etan oraindik txingarrak itzaltzen jarraitzen zuten Eibar, Zarautz eta Azpeitiko parkeetako suhiltzaileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek. Kea arnastu zuen pertsonaz gain, inguru horretako txabola batzuk ere kaltetu zituen suteak, eta txakur batzuk erreskatatu behar izan zituzten.

Sutea N-634 errepidearen goialdean gertatu zen, Asua Erreka kalearen eta Azitaingo tren geltokiaren artean. "Hainbat enbor moztuta zeuden inguru horretan, eta aldapa handia dagoenez, sua hartu duten enbor batzuk saihesbidera erori dira", azaldu zuten Gipuzkoako Suhiltzaileek. Ondorioz, Eibarko saihesbidea itxi egin behar izan zuten bi norabidetan, eta bi orduko argi mozketa ere pairatu zuten Eibarko leku batzuetan. Argi-mozketak Soraluzeko gune batzuetan ere eragina izan zuen.

Segurtasun Sailaren arabera, Gorostako auzokide batek deitu zuen larrialdi zerbitzuetara sutearen berri emateko eta berehala abiatu ziren Gipuzkoako suhiltzaileak, basozainak, ertzainak eta Eibarko udaltzainak inguru hartara. Sua itzaltzeko lanetan Ertzaintzaren helikoptero bat ere aritu zen. Sortutako kea Eibarko auzo guztietatik ikus zitekeen, baita bederatzi kilometrora dagoen Elgetatik ere.

Itzaltze lanak burutzeko, Eibar parean N-634 errepidea mozteaz gain, Azitaindik Arratera joateko bidea ere moztu egin behar izan zuen Ertzaintzak.