Mahats-bilketa pandemia garaian

16.09.2020 | 00:00
Mahats-bilketa pandemia garaian

Astelehenean hasi ziren Gipuzkoako mahastietan 2020ko txakolina egiteko mahatsa biltzen eta sasoikako langileek hainbat segurtasun neurri bete beharko dituzte aurten kutsatzeak ekiditeko

Gipuzkoako upeltegi gehienek astelehenean hasi zituzten 2020ko uztako txakolina egiteko mahats-bilketa lanak. COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, aurtengo mahats-bilketa berezia izango da. Joan den ostiralean, Getariako Askizu auzoko frontoian PCR frogak egin zizkieten hurrengo 20-25 egunetan lanean arituko diren 500 mahats-biltzaile ingururi, eta horiek egiteaz gain, beste hainbat segurtasun neurri ere errespetatu beharko dituzte sasoikako langileek.

Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturarentzat, adibidez, Eusko Jaurlaritzak protokolo bat argitaratu du kutsatzeko arriskua murriztu asmoz. "Guztiok jarraitu beharreko arau orokorrak biltzen ditu protokoloak. Baina argi geratu da upeltegiak blindatu egin behar direla, eta bertan lan egiten dutenek ez dutela mahats-biltzaileekin kontaktu handirik izan behar, kutsatzeak ekiditeko", azaldu zion atzo egunkari honi Ruth Mozok, Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren idazkariak.

Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren baitan 33 upeltegik dute izena emanda, eta horien %90 Gipuzkoako kostaldean daude. Guztira, gure lurraldeko 433 hektarea mahasti hartzen ditu Getariako Txakolinak, eta batik bat, Hondarrabi Zuri mahats-barietatearekin egiten da.

Pandemia egoera dela eta, mahasti horietan guztietan mahats-biltzaileek talde txikietan egingo dute lan aurten, eta musukoa jarrita eraman beharko dute beti. Gainera, upeltegiak langile bakoitzari mahatsak mozteko guraize bana eman beharko dio, eta berdin ur botilak ere.

"Nahiz eta neurri horiek bete, halere kontuz ibili behar da. Mahasti asko ez daude upeltegietatik gertu, eta mahats-biltzaileak mahastietara furgonetan eramaten dituena ere, hobe upeltegian ez sartzea. Hau da, mahats-bilketako prozesuak pixka bat bereizi egin behar dira; horrela, norbait COVID-19arekin kutsatuz gero, talde txikia errazago bakartu, eta mahats bilketa edo mendemarekin jarraitzeko aukera izango dute besteek", azaldu zuen Mozok.

aurtengo uzta Orokorrean, kalitate oneko uzta izango omen da aurtengoa, eta ekoizpena ere iaz baino handiagoa. "Maiatzean nahiko eguraldi ona egin zuen eta landareek azkar eman zituzten fruituak. Hala ere, udan bero handia egin du eta hezetasunak mildiu izeneko onddoa agertzea ekarri du. Mildiu-a gure inguruko mahastiei gehien eragiten dien gaixotasuna da", argitu zuen.

Onddo horrek "nahiko eraso garrantzitsuak" eragin omen ditu eta mahasti batzuk nahikoa kaltetu. "Hala ere, badira ondo babestutako mahastiak, nekazariak ondo zaindu dituztelako edota orientazioari esker", esan zuen. Beraz, badirudi abenduan ez dugula Getariako Txakolina dastatzeko batere arazorik izango, ordurako egongo baita edateko prest 2020ko uzta.

ameztoi txakolina Mahats-biltzaileak lanean ikusteko asmoz, Ameztoi upeltegira gerturatu ginen atzo goizean. Getariako Eitzaga auzoan kokatuta dagoen arren, 51 hektarea mahasti dituzte Getarian, Zarautzen eta Zumaian barreiatuta. Sasoikako langileak upeltegiaren ezkerraldean dauden mahastietan zebiltzan lanean. "Atzo hasi ginen Zarauzko mahastietan lanean eta orain bodega inguruko mahatsa biltzen ari gara", azaldu zigun Nora Lopetegik, Ameztoiko bulegariak.

Orokorrean, urtero 70 sasoikako langile kontratatzen dituzte mendemarako, baina aurten jende gutxiagorekin hasi dira, talde txikiak egitera behartuta daudelako. "Sei taldetan banatuta daude eta bakoitzean hamar pertsona dabiltza lanean. Taldeen artean ez dute batere kontakturik; alegia, pertsona bakoitzak bere taldekoekin lan egiteaz gain, haiekin bazkaltzen du, eta autoak ere banatu egin ditugu ezer gertatuz gero talde hori bakarrik konfinatzeko", azaldu zigun Lopetegik.

Mahats-biltzaileak musukoa jan-tzita ari ziren lanean eta bakoitzak bere ur botilatxoa eta artaziak zeramatzan aldean, protokoloak agindu bezala. Ameztoiko mahastietan astelehenetik larunbatera 8.00etatik 16.00etara egiten dute lan sasoikako langileek, eta gutxi gorabehera, urriaren 10era arte arituko dira mahatsa biltzen.

Ameztoin ere aurtengoa uzta ona izango delakoan daude: "Zehazki ez jakin arren, hektareako 13.000 mahats kilo ateratzeko aukera izango dugula esan digute. Beraz, 663.000 kilo biltzea aurreikusten dugu, iaz baino pixka bat gehiago".

pandemiaren eraginaCOVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduak kalte handia egin dio aurten txakolinaren salmentari ere. Upeltegi askok Horeca kanalaren bidez merkaturatzen dute euren txakolina, eta apirilean eta maiatzean itxita egon denez, ez dute produktua saltzeko aukerarik izan.

"Konfinamenduan zehar saldu den txakolin apurra, batik bat dendetan eta supermerkatuetan saldu da. Ekainean, uztailean eta abuztuko lehenengo hamabostaldian salmenta nahiko ona izan da, eta orain, udazkena ona izanez gero, 2019ko uzta salbatu ahal izango dugu. Maiatzean etsita geunden, eta orain, berriz, hobeto gaudela esan dezakegu", aitortu zigun Mozok amaitzeko.

"Argi geratu da upeltegiak blindatu behar direla kutsatzeak ekiditeko"

Ruth mozo

Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren idazkaria

"Sasoikako langileak sei taldetan banatu ditugu eta taldeen artean ez dago kontakturik"

nora lopetegi

Ameztoiko bulegaria