- Frankismoan irakasle izan zen Isabel Etxeberria Gorriti andereño errepublikazalea. Sasoi horretako kolektibo zigortuenetako bat izan zen, dudarik gabe, aipatua.

Hormetako isiltasun horri ahotsa eman zioenetako bat izateagatik omendu zuten atzo orain bizi den Llança herrian (Girona). Bertan izan ziren Getariako alkatea, Haritz Alberdi; Aranzadiko idazkari nagusia, Juantxo Agirre; eta Llançako alkatea, Francesc Guisset. Etxeberriaren hainbat familiarteko ere gerturatu ziren aitortzara. Alberdik aurreskua dantzatu zion txistuaz lagunduta eta oroigarri bat ere eman zioten Etxeberriari, emozioz beteriko omenaldian. Esker hitzak nagusitu ziren guztien aldetik eta Euskara eta Katalan hizkuntzek ere indarra hartu zuten.

105 urte ditu egun hamaika istorio eta historia dituen emakumeak. Orain Katalunian bizi bada ere bere erroak Euskal Herrian ditu, Zestoan zehazki. 1915eko urtarrilaren 15ean jaio zen eta Bigarren Errepublika aldarrikatzean, 16 urte zituela, zientzietan espezializatutako magisteritza ikasketak egin zituen. Garai berri hauek ekarritako hezkuntza erreformen hobekuntzen jakitun eta erabiltzaile izan zen. Hala, hezkuntza erreformak ezarritako pedagogian hezi zen donostiarra.

Quintanilla de la Riberan (Araba) jardun zuen lehen aldiz andereño lanetan. Behin Gerra Zibila hastean, ordea, depuratu eta Getariara lekualdatu zuten. Ondo gogoratzen du egun hura Etxeberriak: 1937ko irailak 11. Bi urtez eman zituen eskolak Getarian zegoen kofradiako eskola publiko eta txikian.

Gerra amaitu eta gutxira, ordea, postutik kendu eta haren tokian, frankistekin soldadu ibilitako bat ezarri zuten Isabel Etxeberriaren postuan. Beraz, frankistak sartu bitartean herrian egon zen azken andereñoa izan zen Etxeberria Gorriti.

Getariatik espultsatu ondoren, Gabirian egon zen zenbait urtez. 1943an gobernu frankistak irakasleak postuetan kokatzeko egindako konkurtsoaren ostean, berriz, Etxeberriak egindako aukeren artetik, gaur egun bizi den Gironako herri arrantzalean, Llançan, lortu zuen bere irakasle postua.

Garai horretan Getariak eta Llançak antzekotasun handiak zituztela dio: herri oso errepublikazaleak eta arrantzaleak biak. Anekdotak ere asko ditu. Esaterako, herrian, aro horretan hondar-tzan bainatzen zen bakarra zela kontatzen du.

Gustuko lekua topatuta, Gironako herrian ezkondu zen Miguel Fa Caularekin eta erretiroa ere bertan hartu zuen.

Bizitza gehienbat Gironako herri txikian egin duen arren, bihotza beti izan du Euskal Herrian. Harreman estua du bertako familiarekin. Getarian ere baditu ondorengoak. Horietako bat da Itziar Erentxun, Getariako Astillero jatetxeko arduradunetako bat.

Bere ahotik atera izanagatik jakin dute Etxeberriaren berri herrian eta era berean, udalean. "Duela urte bat Elkanoren Itsasoratzea jaialdia egin genuenean, Erentxunekin hizketan ari ginela atera zen gai hau mahai gainera", azaldu dio egunkari honi Getariako Udaleko EH Bilduko bozeramaileak, Ibon Gerekak.

Getariako memoria historikoa osatzen ari ziren momentu horretan, Udala eta Aranzadi elkarlanean. Bere historia jasotzeaz gain, atzokoan merezitako omenaldia egin zioten.

Magisteritza ikasketak egin zituen eta Getariatik, Quintanilla de la Riberatik eta Gabiriatik pasa ondoren, Gironan bukatu zuen bizitzen