- NBEk bildutako datuen arabera, pandemiak ekarritako jarduera eteteak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketak gutxitu egin ditu pixka bat; ez da, ordea, nahikoa izan, gero eta larriagoa den klima-krisiaren areagotzea geldiarazteko.

Atzo argitaratutako txosten berri batean Munduko Meteorologia Erakundeak (OMM) eta Nazio Batuek adierazi dutenez, atmosferako gas-kontzentrazioak inoizko altuenak dira eta etengabe handitzen jarraitzen dute; gainera, itxura guztien arabera, 2016-2020 aldia sekula izandako bosturtekorik beroena izango da.

"Aurtengoa aurrekaririk ez duen urtea izan da bai pertsonentzat eta baita lur planetarentzat ere. COVID-19aren pandemiak denon bizitzak hankaz gora jarri ditu mundu osoan. Aldi berean, gure planetaren bero-tzeak eta klimaren alterazioak erritmo bizkorrean jarraitu du", azpimarratu du idatziz Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.

"Txosten honek agerian uzten duenez, 2020an gure bizimodua ikaragarri aldatu bada ere, aldaketa klimatikoak aurrera jarraitzen du", gaineratu du Petteri Taalas OMMko idazkari nagusiak.

Nazioarteko hainbat agentziaren datuak biltzen dituen ikerketaren arabera, koronabirusari aurre egiteko hartutako konfinamendu neurrien ondorioz, 2020an CO2 isuri globalak % 4 eta % 7 artean murriztea espero da.

Urte arteko datuak aztertuta, isurketek %17 egin zuten behera apirilean, baina ekainaren hasierarako, maximo historikoa suposatzen zuten 2019ko maila berean ginen berriro ere.

Azken urteotan isurketak zenbateraino igo direnaren seinale, apirilean bizi izandako aurrekaririk gabeko beherakadak, apenas lortu zuen une hartako emisioak 2006ko mailara jaistea.

2019an, isuritako CO2 ren errekorra lortu zen 36,7 gigatonaraino iritsiz; alegia, 1990ean aldaketa klimatikoari buruzko negoziazioak hasi zirenean baino %62 gehiago.

Azterketak berresten duenez, egungo emisio-mailak "ez dira bateragarriak" Parisko Hitzarmenean aipatutako helburuak lortu ahal izateko. 2016an sinatutako itun zabal eta garrantzitsu hartan, mende honetako tenperaturaren igoera bi gradu zentigrado baino txikiagokoa izatea jarri zen helburu, industria aurreko maila kontuan hartuta.

OMMren arabera, 2020ko isurketen murrizketak oso eragin txikia izango du CO2 aren kontzentrazio atmosferikoaren igoera-tasan. Ezin ahaztu, gas horren bizitza oso luzea dela, eta kontzentrazio horiek egungo eta iraganeko isurketen emaitza direla.

Argi eta garbi, kontzentrazioak ez dirudi maila gorenera iritsi duenik, eta goraka jarraitzen du inoizko erregistrorik handienak lortuz, txostenaren arabera. Bertan aipatzen denez, klima aldaketa egonkortzekotan, emisioak modu iraunkorrean murriztu behar dira, harik eta isuri garbiak zero izatea lortu arte.

Ikerketan azaltzen denez, 2016-2020 denboraldiko munduko batez besteko tenperatura inoiz ezagututako beroena izango da; tenperaturak izan duen aldaketa neurtzeko erreferentzia gisa hartzen den industria aurreko 1850-1900 aroan baino, batez beste, 1,1 gradu zentigradu gehiago. 2011-2015 bosturtekoarekiko berriz, munduko batez besteko tenperatura 0,24 gradu berotu da.

2020tik 2024ra bitartean oso litekeena da, sikiera urteren batean, industria aurreko tenperatura maila 1,5 gradutan gainditzea; hain zuzen ere, Parisko Itunarekin ekidin nahi zen hura.

Bitartean, Artikoko itsas izotzak murrizten jarraitzen du; egia esan, ikerketaren arabera, 1979tik 2018ra hilabete guzti guztietan murriztu da.

Glaziarretan ere izotz masa galtzen ari da etengabe, itsas mailaren gorakada azkartu egin da azken hamarkadan, eta ozeanoetako tenperatura igo-tzen. Aldaketa horiek guztiek eragin handia dute meteorologian eta baita biodibertsitatean ere.

NBEk ohartarazi nahi izan dute, gainera, klimari buruzko datu bilketan ere eragina izan duela pandemiak; horrek hutsuneak utz ditzake kopuru historikoetan, eta datozen urteetarako iragarpenei kalte egin.