DONOSTIA - Azken 24 orduetan Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko bi egoiliarrek positibo eman dute COVID-19an, eta, beraz, bederatzi dira gaur egun adinekoen egoitzetan positibo emanda dauden egoiliarrak: sei Donostiako Hermano Garate - San Ignacion eta hiru Hernaniko Santa Maria Magdalenan. Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, egun 32 dira COVID-19an positibo emanda dauden langileak, eta 11k jada gainditu dute gaixotasuna.

Eider Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabeko alerta, prebentzio eta zaintza sistema bat du martxan, Txoke Planaren eta Zaintza eta Alerta Sistemaren bidez, birusaren irismena denbora errealean prebenitzeko eta ezagutzeko helburuarekin, eta hartu beharreko neurriak ahalik eta lasterren hartzeko.

Tresna "eraginkorrenetako" bat, higiene eta segurtasun neurri guztiez gain, prebentziozko PCR probak egitea da, modu masiboan. Abuztuaren 28ra arte, bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYAko profesionalekin lankidetzan, 9.676 PCR proba egin ditu guztira, 1.866 joan den astean (756 erabiltzaileen artean eta 1.110 langileen artean): "Horrek ia denbora errealean ematen digu Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareko egoeraren argazkia, zeinak kolektibo ahulenei arreta ematen dien; eta azkar erantzuteko aukera ematen digu, birusari aurre egiteko gakoetako bat", nabarmendu du.

Bozeramaileak gaineratu du, 21 egoitzetan langileen artean kasu positiboak izan badira ere, bi zentrotan daudela erabiltzaileak positibo emanda. "Gure lehentasun nagusia da birusaren ondorioetarako ahulenak diren pertsonak babestea eta zaintzea; horregatik, etengabeko alertan jarraitzen dugu, baita prebentzioko, aurrea hartzeko eta erantzun azkarreko neurriak zorrozten ere lurraldeko gizarte-zerbitzuen sistema osoan".