- Zergatik Arantzazura etorri?

-Topagunea delako. Arantzazu topagunea eta aterpea da. Topagune zentzu askotan. Topagune fedearekin, naturarekin, artearekin eta baita norberarekin ere. Handitasun honek sarritan lortzen du, norberak bere norbanako txikiarekin topo egitea, geure burua topatzeko beharra sentitzen da handitasun honen inguruan.

Jendea etortzen al da Arantzazura, lehen bezain beste? Zertara etortzen da jendea?

-Garai batean elizara zetorren moduan, eta beste gauza batzuetara gutxiago, momentu honetan esan beharra dago jende gehiena natura, mendia eta artea ikustera etortzen dela. Oso deigarria egiten zaigu guri eta askotan komentatu izan dugu; familiak etortzen dira orain, bikoteak umeekin, eta asko ugaritu dira. Hori pozgarria da guretzat.

Euskal Herrian turismoak gora egin du nabarmen azken boladan. Zuek ere nabaritu duzue gorakada hori?

-Zirkuitu horretan ez gaude. Hoteletan ikusten dugu. Donostian %100 beteta daudela ikusi eta hemengoa erdi hutsik. Hala era jendea etor-tzen da. Kataluniar dezente, madrildar ugari...

Nola bizi izan duzue birusak eragin duen itxialdia?

-Zintzo. arauak betez. Ez gara atera ere egin. Beldur handiz geunden, komentuan gauden gehienok edadetuak garelako. Mediku batek hala esan zidan: “Birusa sartzen bazaizue, sarraskia izango da”. Eta blindatu egin ginen.

Fraide izatera etorri zinenean giroak eta garaiak lagunduta etorriko zinen. Pentsatu al duzu noizbait, nolako bizitza izango ote zenuen orain jaioko bazina?

-Oso gustura nago egindako ibilbidearekin. Benetan, bizitza ireki egin zait. Burua, bihotza, harremanak, lana, … nire bizitza interesagarria da. Gustura nago alde horretatik. Berriz jaioko banintz, diozu, eta egia esan, giroak asko baldintza-tzen du. Gu hona hamar lagun etorri ginen elkarrekin. Oñati, gure garaian, sakristia handi bat zen. Orain, ordea, hori guztia aldatuta dago, sekularizatuta dago, eta orain jaioko banintz baliteke beste bideren bat hartzea, seguruenik egoerak eta inguruneak beste bideren batetik eramango ninduke, Marokon jaioko banintz bezala.

Eta talaia honetatik nola ikusten da gaurko gizartea?

-Nik uste gizarte honek asko duela txalotu beharrekoa. Jendea askoz ere hobeto bizi da orain. Hain justu, atzo fraide batekin gogoeta egiten nuen, gura amak eta gure emakumeak nola bizi ziren… Orain emakumeen aldetik, askatasunaren aldetik, diruaren aldetik, kulturaren aldetik gauzak izugarri hobetu dira. Nik itxaropenez ikusten dut gizarte hau. Hala ere, mugak ere ikusten dizkiot. Egungo gizartea mozkortu egin da edukitzearekin, jabetzarekin, eta hori ez da nahikoa.

Torrealdai aste honetan zendu da. Nola gogoratzen duzu?

-Gizon handia zen. Oso harreman esturik ez neukan, baina elkarrekin egotea tokatzen zitzaigunean, oso harreman oneko gizona zen. Guk, hemen, asko estimatzen genuen. Fraidea zenean oso gizon atsegina, gertukoa, bizkorra eta maitagarria. Atxagak gogoratu zuen moduan, jaiotzez Forukoa, baina kulturalki Arantzazun jaio zen. Pena handia izan da.