DONOSTIA - Zibersegurtasuna sustatzeko dirulaguntzen programako aurtengo deialdia onartu du Aldundiak . 367.000 euro bideratu dira arlo honetara, eta eskariak erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urriaren 15a bitarte aurkeztu daitezke. Hiru lan lerro nagusi ditu: enpresetan zibersegurtasuna indartzea; zibersegurtasun arloko ikerketa eta garapena bultzatzea; eta aurtengo nobedade nagusia den telelan segurua sustatzea. “Lan lerro honen bitartez, Gipuzkoa zibersegurtasunaren arloan espezializatzeko egiten ai den ahalegina lagundu nahi dugu, alor honetan Gipuzkoak dituen indargune eta gaitasunak aktibatuz eta berriak eratuz. Ziurt da arlo honetan egiten dugun apustuaren erakusle nagusia, eta dirulaguntza hauek estrategia hori osatzen dute”, esan du Mendozak.

Lehen lerroari dagokionean, 157.120 euro bideratu dira zibersegurtasuna enpresetan indartzera. Honako arlo hauetan lanak egiteko aholkularitza zerbitzuen kontratazioa da diruz lagunduko dena: enpresak zibersegurtasunaren ikuspegitik duen egoeraren diagnosia egitea, eta aztertzea bere antolakuntza nola dagoen arlo honetan; zibersegurtasun plan bat osatzea; plan hori martxan jarri eta exekutatzeko laguntza (laguntza hauen markoa egindako plana edo aurretik zegoena); eta enpresako langileekin egindako sentsibilizazio edo formakuntza lanen kostuak. Gehienez, enpresa bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu.

Bigarren lan lerroak zibersegurtasun arloko ikerketa eta garapena bultzatzea du helburu, eta 80.000 euroko gastua aurreikusi da. Bertan, I+G proiektuekin erlazionatutako gastu hauek finantzatuko dira: langileriaren kostuak (ikertzaileak, teknikariak edo bestelako langileak); proiektuan erabiltzen diren material eta instrumentuak; ikerketaren kostuak, ezagutzarenak, patenteenak, aholkularitza gastuak eta proiektuarekin lotutako bestelako zerbitzuak; edo bestelako gastu orokorrak, proiektuarekin lotuta daudenak. Gehienez 50.000 euroko laguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari.

Azkenik, hirugarren lan lerroa da aurtengo berritasun nagusia, eta telelan segurua izendatu da. Guztira, 130.000 euroko zuzkidura du. “Zibersegurtasunaren ikuspegitik landu beharreko alorra da telelana. Horregatik, lerro honekin telelan seguru sustatzeko sentsibilizazio, informazio eta formakuntza lanak lagunduko dira diruz”, esan du bozeramaileak. Diruz lagunduko diren ekintzak izango dira telelana sustatzea helburu duten proiektuak, betiere telelan segurua barne hartzen duten egitasmoak direnean. Esaterako, difusio, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak; formakuntza eta ezagutza espezifikoak hartzea helburu duten ekintzen diseinu eta garapena; enpresekin, zibersegurtasuna lantzea helburu duten lan taldeak osatu eta dinamizatzea; eta programaren helburuekin bat egiten duten bestelako ekimenen antolaketa.

“Gaur egungo mundua eta merkatua globalak dira, eta dena dago konektatuta. Internet eta teknologia berriak dira hau ahalbidetzen dutenak”, gogoratu du Mendozak. Bere esanetan, COVID-19aren krisiaren testuinguruan, alor honek oraindik eta garrantzia handiagoa lortu du. “Dena ez da abantaila izango ordea, eta segurtasun eta ziber kriminalak dira mehatxu nagusia. Beraz, berme guztiekin arituko den enpresa lehiakorrak lortzeko, ezinbestekoa da zibersegurtasun lantzea. Aldundia horretan ari da pasa den legealditik, batez ere Ziurren bitartez, eta gaur aurkezten dugun laguntza lerroa bezalako neurriekin estrategia indartuz”, adierazi du.