- Ziur, Gipuzkoako Industria Zibersegurtasunerako Zentroak amaitutzat eman du ostiral honetan martxan jartzeko fasea; prozesua 2018an hasi zen, eta “proiektua ondo errotu eta sendotuz lehen helburura iritsi da”. Lehen fase honen itxierarekin batera, erreferentziazko zentro horren buru izango den pertsonaren erreleboa ere etorri da; izan ere, hautaketa publikoko prozesu baten ondoren, Koldo Peciña izango baita zentroko zuzendari berria. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Peciña izango da Carlos Abadek orain arte egindako lanari jarraipena emango dion pertsona.

Peciñak (Donostia, 1978) ibilbide profesional osoa egin du zibersegurtasunaren sektoreari lotuta. Zuzenbidean lizentziaduna da eta Teknologia Berrien Zuzenbidean masterra du; gainera, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta italieraz hitz egiten du.

17 urtetik gorako esperientzia du S21sec edo ITS Security bezalako enpresetan zibersegurtasunaren alorrean, eta azkenaldi honetan PwCn lan egiten zuen. Azken hamar urteetan, zibersegurtasunaren arloko diziplina anitzeko talde eta proiektuen kudeaketaren arduradun izan da, bai estatuan zein nazioarte mailan, eta hainbat sektorerekin lan eginez.

Horregatik guztiagatik, Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoen foru diputatuak esan zuen Peciña dela “hautagairik egokia” fase berri honetan Ziurreko buru izateko. “Pertsona ezaguna da sektorean, gaitasun handia erakutsi duena, eta gainera, oso motibatuta eta ilusionatuta dago proiektuarekin”.

Erreferentzia Zentroaren egoerari dagokionez, lurraldearentzat “etorkizuneko apustua” dela azaldu du diputatuak.