DONOSTIA. Gipuzkoako adinekoen egoitza-sarea COVID-19 gabe geratu da, diagnostiko positiboarekin jarraitzen zuen pertsona bakarrak azken orduetan errepikatu zaion PCR proban negatibo eman ostean. Eider Mendoza bozeramaileak jakitera eman duenez, Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan artatua izaten ari da, eta datozen egunetan bere egoitzara itzuliko da, Aretxabaletako GSR Debagoiena zentrora.

Martxoaren 19an atzeman ziren COVID-19 lehen kasu positiboak Gipuzkoako adinekoen egoitza-sarean; 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen dute sarean. Duela bi astetik, pertsona bakarra zegoen diagnostiko positiboarekin, eta gaur, uztailak 3, gainditu du COVID-19a. Lehen positiboak eman zirenetik, "395 pertsonak gainditu dute gaixotasuna 16 egoitzatan eta 168 heriotza deitoratu behar izan ditugu", zehaztu du bozeramaileak.

"Oso positiboa da egoitza-sareak COVID-19 kasu positiborik ez izatea, eta zentro guztiek errealitate berrira jo ahal izatea; baina are garrantzitsuagoa da segurtasun eta prebentzio neurriak zorrozten jarraitzea, zentro guztiek birusik gabe jarrai dezaten", gaineratu du Mendozak. "Gure lehentasuna adinekoen eta zaurgarrienak direnen ongizatea eta osotasuna zaintzea da; horregatik, oso garrantzitsua da guardia ez jaistea eta guztiok osasun-agintarien aginduei jarraitzea, geure burua eta besteena arriskuan ez jartzeko".

Horren harira, Mendozak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskema berarekin lan egiten jarraitzen duela, eta egoitzekin koordinazioa eta harremana egunerokoa dela, "azkar eta eraginkortasunez jokatzeko modu bakarra gertatzen dena ezagutzea baita. Horrela bakarrik har daitezke gaixotasunari aurrea hartzeko eta eusteko neurri egokiak".