- Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) euskaltegietako ikasleei euskara ikasteko dirulaguntzak emateko 3.150.000 euroko aurrekontua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Erabakia atzoko Gobernu Kontseiluan hartu zuten eta euskararen irakaskuntzan B2 mailara arteko doakotasuna lor-tzea da helburua.

Atzo onartutako dirulaguntza partida lehengo urtekoa baino %27 handiagoa da eta EAEko 100 euskaltegitako ikasleei zuzenduta dago. Hala ere, jaso nahi dutenek bi baldintza bete beharko dituzte: alde batetik, %75eko asistentzia bermatzea eta bestalde, dagokien maila gainditzea.

Euskara B2 mailara arte doan ikasi ahal izateko helburua aurten gauzatu da eta konpromiso bera hartu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek eta baita udalek ere.

Diru-laguntza emateko prozedurari dagokionez, bi bide egongo dira 2020ko irailera arte. Batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegietan ebaluazio jarraiaren bidez egiaztatzen duten ikasle guztiek jaso ahal izango dute diru-laguntza, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen bada. Bestalde, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute dirulagun-tza jasotzeko eta ikaskuntza-prozesua doakoa izateko. Datorren urteko diru-laguntza deialdian, ordea, B2ra arteko mailakoentzat nahikoa izango da euskaltegietan maila gainditzea.

Bestalde, Euskadiko udaletan eta mankomunitateetan lan egiten duten langileen euskalduntzea diruz laguntzeko 25.000 euro inbertituko ditu Eusko Jaurlari-tzak. Horrela, langileak erabat edo partzialki ordezkatzeko kostua finantzatzen lagunduko du, harik eta beren lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna lortu arte.

Laguntza horiek Herri Aholkularitzaren Euskal Erakundearen (IVAP) bidez kudeatzen dira, eta honela banatuko dira: batetik, 20.000 euro bideratuko dituzte udal-administrazioetako langileen ordezkapenak finantzatzeko eta bestetik, 5.000 euro mankomunitateetako langileen ordezkapenetarako erabiliko dituzte.

Astean 8, 10, 15 eta 25 irakastorduko ikastaroak lagunduko dira diruz eta azken modulu hori barnetegi bateko egonaldiaren bidez ere egin daiteke.