DONOSTIA - Mubil Fundazioaren patronatuak onespena eman dio Ane Insausti Altuna Gipuzkoan egitekoa den Elektromugikortasun Zentroko zuzendari izendatzeari; bera arduratuko da datozen hilabeteetan Tolosako Usabal industrialdean behin-behineko egoitza abian jartzeaz, beraz. Zuzendari berriak Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Municheko Unibertsitatean, nahiz MBA, China Europe International Business School delakoan (CEIBS); horrez gain, esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean.

Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako foru diputatu eta Mubil Fundazioko lehendakariak adierazi duenez, Insaustik erantzukizun "oso garrantzitsua" hartuko du bere gain, izan ere, bere ardura izango da Mubilen Tolosako behin-behineko egoitza "martxan jartzea", zentroaren "hasierako proiektuak aktibatzea" eta Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena "gauzatzeko urrats berriak ematea". Insaustik, hain zuzen ere, ibilbide luzea egin du proiektuen zuzendaritzan, eta hori, zalantzarik gabe, balio handiko aktiboa izango da Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa abian jartzeko orduan. Azken urteotan Inditex taldean aritu da lanean, non banaketa proiektuen zuzendaria izan baita bost urtez.

Izendapenaren ostean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin bilera egin du Ane Insaustik, zentroak aurrerantzean izango dituen mugarriak aztertu eta mugikortasunari lotutako industriak bizi duen egoeraren inguruko gogoetak partekatu asmoz.

Cidetec-ekin hitzarmena

Halaber, Mubil Fundazioaren patronatuak Cidetec Fundazioarekiko lankidetza hitzarmena onartu du. Horren bidez, goi mailako zentro teknologiko horrek biltegiratzeko eta trakzio elektrikoko laborategi bat jarriko du Tolosako behin-behineko egoitzan, biltegiratzearekin lotutako ekipoak ikertu eta probatzeko.

Laborategia Cidetec-ek berak kudeatuko du, eta, horrela, Europan punta-puntakoa izango den azpiegitura teknologiko bat sortuko da, bai instalazioen tipologiagatik, bai izango duen ekipamenduagatik. Instalatutako ekipoei esker, bateriak eta, oro har, biltegiratze sistemak garatu eta karakterizatu ahal izango dira, mugikortasun aplikazioetarako nahiz biltegiratze egonkorrerako, eta baterien portaera benetako erabilera baldintzetan aztertzeko aukera ere emango dute. Instalazioak eta ekipoak Eskuzaitzetako behin betiko kokalekura aldatuko dira Mubilen behin betiko egoitza bukatzen denean.

Eskuzaitzetako Mubil elektromugikortasun zentroa eraikitzen den bitartean -COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, gainera, eraikitze epeak berregokitu egin dira-, urtea amaitu baino lehen Tolosan jarriko dira behin-behineko instalazioak, Usabal industrialdeko eraikin batean. Guztira 2.370 metro karratu ditu espazio horrek eta, beheko solairuaz gain, bi solairu ditu. Gaur bertan, Mubil Fundazioaren patronatuak ontzat eman du aldi baterako egoitza alokatzea; Mubileko zuzendari berria arduratuko da egoitzaren diseinuaz eta zabalkundeaz.

Ainhoa Aizpuru diputatuak gogorarazi duenez, Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroak lau helburu nagusi izango ditu: jarduera ekonomiko berria sortzeko gaitasun zientifiko teknologikoak eta industrialak bateratzea; ezagutza transferitzeko eta negozio hobi berriak sortzeko mekanismoak bultzatzen laguntzea, enpresa ehun berria sortzeko, dagoena eraldatzeko eta enplegu berriak sortzeko; bere jarduerak lankidetza instituzionaleko sare batean txertatzea; eta Gipuzkoa mugikortasun jasangarriko eta biltegiratzeko esperimentazio gune bihur dadin bultzatzea.

"Hilabete gutxi batzuren buruan enpresek Europa mailan punta-puntako laborategia izango dute Tolosan, ekipamendu oso aurreratuak izango dituena, eta gure enpresei abantaila lehiakorra emateko eta nazioarteko beste bezero batzuk erakartzeko beharrezko potentziala izango duena. Zentroei eta enpresei prozesuak bizkortzen eta posizionatuta egoten laguntzeko azpiegitura teknologikoa izango da", adierazi du Aizpuruk.