donostia - Datorren astelehenean, ekainak 1, hasiko da Euskadiko Lanbide Heziketako 2020-2021 ikasturterako izena emateko epea, eta hilabete horretako 19ra arte egongo da irekita. Hezkuntza Sailak atzo eman zuen informazio horren berri.

Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasteko interesa duten ikasleek bi bide izango dituzte eskaerak aurkezteko: Internet bidez edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Ikastetxeetan egiten diren tramiteak idazkaritzaren ordutegian egin beharko dira. Eskaera telematikoak Hezkuntza Departamentuaren web orriaren bidez aurkeztuko dira: www.euskadi.eus/hezkuntza.

Uztailaren 7an ikasle onartuen eta onartugabeen zerrendak argitaratuko dira. Hurrengo egunera arte erreklamazioak egiteko epea egongo da eta uztailaren 13an behin betiko zerrendak ezagutuko dira. Uztailaren 13tik 17ra izango da matrikula egiteko ohiko epea (biak barne).

Hezkuntza Sailak adierazi du urrutiko heziketa-zikloren bat egiteko aurrematrikula-epea zabalik dagoela ekainaren 9ra arte. BirtLHk (Ikaskuntza Birtual eta Digitalizatuen LHko Zentro Integratuak) urrutiko erdi eta goi mailako heziketa zikloak egiteko aukera ematen du, modalitate erdipresentzialean.

Guztira, 186 ikastetxek eskainiko dute Euskadin LHko heziketa-zikloren bat ikasteko aukera 2020-2021 ikasturtean. Lanbide Heziketak 23 lanbide-familiatako 136 titulazio eskaintzen ditu Euskadin.

2019-2020 ikasturte honetan, 42.000 ikaslek baino gehiagok LHko zikloren bat ikasten dute Euskadin, edozein modalitatetan: presentziala, urrunekoa edo eskaintza partzialekoa.