alerta mundial por el coronavirus

"Euskaratik eta euskaraz" sortutako posta zerbitzu berria

PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresak sortu dute eta pribatutasuna zaintzen dutela nabarmendu dute

16.05.2020 | 00:34

donostia – PuntuEUS Fundazioak Ni.eus euskarazko e-mail zerbitzua sortu du. ".EUS domeinua merkaturatu zenetik, webgunerik ez duten erabiltzaileek sarri agertu dute .EUS domeinudun posta elektronikoa erabiltzeko desioa", azaldu zuen atzo fundazioak. Hala, Guebs enpresa euskaldunarekin lankidetzan sortu du e-mail zerbitzua: doako bertsioan ni.eus domeinuan erabili daiteke (adibidez: ximun@ni.eus) eta premium planen kasuan, norberaren gustuko domeinua pertsonalizatuta (adibidez: info@ane.eus).

Ni.eus "euskaratik eta euskaraz" sortutako posta zerbitzua da: bezero arreta, web interfazea, laguntza dokumentuak eta bezero-gunea eskaintzen ditu, guztiak euskaraz. Zerbitzu berri hau Interneteko erabiltzaile euskaldunei zuzenduta dago, norbanako, elkarte zein enpresentzat, eta urtea amaitu aurretik milaka e-mail kontu sortzea espero dute sortzaileek.

Gainera, posta zerbitzuaren bereizgarrietako bat, beste zerbitzu batzuekin alderatuta, pribatutasuna dela nabarmendu zuten: iragarkirik ez, trackingik ez eta komunikazio zifratuak.

Sakeleko telefonoan edo ordenagailuan ohiko dugun posta programan konfiguratu daiteke, baina online webmail bidez erabiltzeko aukera ere ematen du.

PuntuEUS Fundazioak Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten duela lan gogoratu zuen. .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da xedea.