- Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera berezi honetan, arazoak sortu dira Euskal Autonomia Erkidegoko baserrietako produktuak merkaturatzeko. Zailtasunik handiena Horeca banaketa-kanalaren menpe dauden produktuek izan dute. Kanalara ixtearen ondorioz arrisku handia dago jaki horiek galtzeko, izan ere, ez baitago beste irteera komertzialik antolatuta.

Nekazaritzako soberakin horiei irteera emateko asmoz, Jakioro ekimena plazaratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Orona fundazioak eta tokiko produktuen bidez prestatutako otorduak pertsona kalteberenen zerbitzura jartzea du helburu. Horrela, soberakinaren zati bat bildu, prestatutako janari bihurtzeko eraldatu eta, Gurutze Gorriaren bitartez, hura banatzea izango da ekimenaren funtsa. Horretarako, Guztion Artean ekimeneko ehunka pertsona boluntariok hartuko dute parte.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Xabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak aurkeztu zuten atzo Jakioro ekimena. “Horeca kanala itxi denez gero, elikaduraren sektorean soberakin gehiago sortu dira. Horregatik, merkaturatzeko kanal berriak ireki ez ezik, proiektu honen bidez, helburu hirukoitza beteko dugu: lehen sektorearentzako laguntza sendotu, elikagaiak neurri batean alferrik galtzea ekidin eta kolektibo kalteberenei lagundu”, adierazi zuen Tapiak aurkezpenean.

Eusko Jaurlaritzaren baitako HAZI fundazioak eta Orona fundazioak duela egun batzuk jarri zuten proietua martxan eta orain arte, prestatutako 18.564 otordu-unitate banatu dituzte. Bi fundazioen artean sinatutako akordioan, eguneko 2.000 anoa prestatzea aurreikusi dute eta banaketan astean bi aldiz egitea. Prozesua ondorengoa da: lehenengo, baserriko eta elikadura-enpresetako soberakinak biltzen dituzte eta jarraian, Oronaren baitako Diámetro200 jatetxeko instalazioetan prestatzen dituzte, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.

Barazki-krema, Arabako txitxirio erregosiak eta kiwi eta sagarrezko bizkotxoa da ano bakoi-tzak jasotzen duen menua. Eusko Label edo Euskal Baserri osagaiak ondorengo kooperatiba eta enpresen partaidetzari esker lortzen dituzte: Barrenetxe kooperatiba, Garaia kooperatiba, Garlan kooperatiba, Udapa-Paturpat kooperatiba, Alberro SL, Karabeleko eta Lurrarte SL.

“Horeca kanala itxi denez gero, elikaduraren sektorean soberakin gehiago sortu dira”

Ekonomiaren Garapeneko sailburua