Koronabirusa dela eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixteko agindua eman zuenetik, erronka handia izan da hezkuntza arloko komunitatearentzat ikasturtearekin aurrera egitea. "Koronabirusa dela eta, agertokia erabat aldatu zaigu: ikasleak ez daude ikastolan irakasleekin, etxean familiarekin baizik, eta egoera berrira egokitzea ezinbestekoa izan da", azaldu du Karlos Ibarzabal Herri Ametsa ikastolako zuzendariak.

Testuinguru berri honetan, digitalizazioak funtsezko papera hartu du haurren egunerokoan, bai Hangouts Meet bezalako tresnen bitartez egunero tutorearekin konektatuz, bai e-mail propio bat sortuz ikasle bakoi-tzari etxeko-lanei buruzko zalantzak argitzeko aukera izan dezaten, etab. "DBH etapan jarri ditugu indarrak bereziki, baina etapa guztietan saiatu gara ikasleekiko gertutasuna mantentzen eta curriculumarekin aurrera egiten. Hiru hilabete ez da gehiegi curriculumarentzat, baina inportantea iruditzen zaigu ikasteko ohiturak mantentzea, bakoitza bere mailan, noski. Haur Hezkuntzako ikasleei, adibidez, postaz bidali dizkiegu fitxak eta Inika bidez ere bideoak bidali zaizkie egunero erronka bat proposatuz", argitu du Ibarzabalek.

Teknologia inoiz baino funtsezkoagoa bihurtu da irakasle eta ikasleentzat, baina Herri Ametsan argi daukate ez dela bide bakarra izan behar eta oreka bilatu beharra ikusten dute: "Manipulatiboari garrantzi handia ematen diogu lehen etapetan eta horregatik liburuak eta bestelako material fisikoak helarazi behar genizkiela uste genuen", azpimarratu du.

Behin erabakia hartu ondoren, banaketa antolatzen hasi ziren. Lehenik, Donostiako Udaltzaingoarekin harremanetan jarri ziren, ikastolako guraso baten bitartekaritzarekin, eta banaketa egiteko baimena emateaz gainera, laguntza ere eskaini zieten. "Udaltzainak jakinaren gainean egonda, mugikortasuneko agenteak etorri dira guri laguntzera eta banaketa kontrolpean genuela baieztatu arte ez dute alde egin", adierazi du zuzendariak, zeinak banaketan ere hartu duen parte, ikastolako beste hiru irakaslerekin batera.

Bi autoetan, goizeko 8.00etan ekin zioten atzo banaketari. Lehenik, Guardaplata bidean kokatzen den ikastolara abiatu ziren, materiala jasotzera. Behin dena antolatuta, eta geltoki bakoitzean zain egongo ziren familien zerrenda eskuan hartuta, 10.00etan egin zuten lehen geldialdia: kotxe bat Herreran eta bestea San Pedron. Izan ere, auto bakoitzak ibilbide bat osatu zuen ahalik eta familia gehienengana iristearren: batek Herrera, Altza, Larratxo, Los Boscos, Buenavista eta Gaiztarro ibilbidea osatu zuen; besteak, berriz, San Pedro, Trintxerpe eta Intxaurrondo.

Egoera berezi honetan, segurtasun neurriak ezinbestekoak izan dira, eta banaketan parte hartu zutenek maskarak eta eskularruak janzteaz gain, ikastolako peto horia zeramaten soinean, gurasoek identifikatu zitzaten. Banaketan gora-behera txiki batzuk egon arren, garaiz osatu zuten ibilbidea, eta zenbait geltokitan itxaron behar izan zuten, familiei helarazitako ordutegia betetzearren. "Hain ondo joan zaigu txantxetarako tartea ere izan dugula eta baten batek esan du paketeria enpresa bat sortu beharko genukeela", esan du irribarrez.

Liburuen banaketa, momentuz, LH 1. mailatik LH 3.ra bitarteko ikasleentzat izan da, "hortik gorako ikasleek EKI programaren plataforma digitalean aritzeko aukera dutelako". Halere, honako esperientziaren emaitza positiboa izan dela ikusita, gainerako mailetan gauza bera egiteko bidea zabalik ikusten du Ibarzabalek.

Oztopoak oztopo, egunetik egunera irtenbide berriak bilatzen dihardute, ikasturteak aurrera jarrai dezan. "Badira ikastolan Internetik ez duten familia gutxi batzuk eta Ikastolen Elkartearen laguntzari esker, familia horiei konektatzeko pintxoak banatu genizkien duela aste batzuk".

Herri Ametsako lehen promozioko ikasle ohi, gerora irakasle, eta duela hamaika urte ikastolako zuzendari da Karlos Ibarzabal. Honakoa, ziurrenik, orain arte bizi izan duen erronka handienetakoa izango da. "Geldialdi honek gogoetarako parada ere eman behar liguke gizarte gisa. Edukiak garran-tzitsuak dira, noski, baina balioekin eraikitzen dugu gure gizartea eta digitalizazioak zein paper hartu behar duen hausnartu beharko genuke".

Herri Ametsa ikastolak 550 ikasle inguru ditu gaur egun, Haur Eskolatik Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzara bitartean.