- Ertzaintzak eta Euskadiko Udaltzaingoek 409 salaketa jarri zituzten joan den igandean, aurreko egunean baino 125 gutxiago, coronavirusaren zabalkundeari aurre egiteko dekretatutako alarma egoerari dagozkion neurriak urratzeagatik. Egun horretan ere 11 pertsona atxilotu zituzten, larunbatean baino sei lagun gehiago, hain zuzen.

Ertzaintzak bost atxiloketa egin zituen, 978 pertsona identifikatu zituen eta 247ri salaketa jarri zien. Udaltzaingoek, berriz, sei lagun atxilotu zituzten, 519 identifikatu eta 162ri salaketa jarri zieten. Datuok atzo eman zituen ezagutzera Segurtasun Sailak.

Horrez gainera, igandean 3.094 ibilgailu atzeman zituen poliziak: 2.252 ibilgailu ertzainek atzeman zituzten, eta 842 udaltzainek.

Atxiloketa gehienak Araban izan ziren, sei atxiloturekin; Bizkaian bost; eta Gipuzkoan, aldiz, ez zuten inor atxilotu. Salaketa gehien, ordea, Bizkaian izan zen, 273 kasu izanik; Gipuzkoan 128, eta Araban 8. Identifikazioei dagokienez, Bizkaian 766 egin zituzten polizia guztien artean, Gipuzkoan 656, eta Araban 75.

Segurtasun Sailak plazaratutako oharraren arabera, joan den martxoaren 16az geroztik 8.524 salaketa jarri ditu poliziak Euskadin. Era berean, epe horretan 24.480 pertsona identifikatu dituzte, horietatik 17.109 Ertzaintzak identifikatu ditu, eta udaltzaingoek, berriz, 11.371.

Bestalde, Segurtasun Sailak zehaztutakoaren arabera, arau-hauste astunen ondorioz jarritako isun bakoitzaren zenbatekoa 602 eurokoa da, eta kantitate hori %50 murrizteko aukera dago baldin eta espedientepean dagoen pertsonak jakinarazpena jasotzen duenetik 15 eguneko epearen barruan ordaintzen duen.

Bestalde, Ertzaintzako barne-gaietako unitateak ikerketa zabaldu du Bilbon izandako esku-hartze baten inguruan. Joan den asteburuan zenbait sare sozialetan zabaldu den bideo batean ikusten denez, ertzain batek kalean dagoen gazte bati azalpenak eskatzen dizkio, eta gaztea ertzainarengana hurbiltzen denean, azken honek gazteari bultza egiten dio eta borraz jotzen du. Ondoren, beste agente baten laguntzarekin, gaztea menderatu eta eskuburdinak jartzen dizkio. Handik gutxira, gaztearen ama azaltzen da, zeinak, bideoaren ikusten denaren arabera, gazteak buruko gaixotasunen bat duela baieztatzen duen.

Asteburuan sare sozialetan zabaldutako bideo batek polemika piztu du Bilboko ertzain batzuek egindako esku-hartze baten inguruan