Koronabirusak bortizkien zigortutako herrialdeak bi aste daramatza jadanik konfinamendu egoeran. Ondorioz, Erroma bizitoki duen kazetari gipuzkoarrak azaltzen duenez, orain hasiko dira ikusten hildakoen eta kutsatuen kopuruan zelako eragina duten Gobernuak hartutako neurriek. Atzo bertan, Ane Irazabalek adierazten zuenez, Italiak 10.000 hildakoen muga gainditu zuen, eta, jadanik, 70.000 baino gehiago dira koronabirusa duten pertsonak.

Zer egoera bizitzen ari zarete Italian?

-Azken egunetan hildako eta positibo kopuruan zegoen beheranzko tendentzia moztu da. Gaur bertan (atzo) 10.000 hildakoen muga gainditu dugu. Hubeieko (Txina) datuei erreparatuz, kutsatuen kopurua hamabigarren egunetik aurrera jaisten hasten da, baina hildakoena hogeita batgarren egunetik aurrera. Orain ikusten ari gara konfinamenduaren aurretik kutsatutako pertsonak, aurrerantzean ikusi beharko dugu zer gertatzen den neurrien ondoren; egun erabakigarriak izango dira.

Lombardiako irudiek munduari buelta eman zioten, ehundaka gorpu kamioi militarretan kargatzen. Inflexio puntua izan zen?

-Isolamendua eginda zegoenean iritsi zen irudia, asterik txarrenean, neurriak oraindik nabaritzen ez zirela. Eta ordaintzen genbiltzan momentura arte egindako politika okerrak. Lombardiako osasun zerbitzuaren kolapsoaren ondorioz krisi honen epizentroa bihurtu da. Frogatu da ospitaleak gero eta kolapsatuago egon, hildakoen kopuruak gora egiten duela. Bergamo hiriko irudi hori sinbolikoena da. Kanposantuetan ez dago tokirik eta orduan militarrek hil kutxak eraman behar izan dituzte beste eskualde batzuetako erraustegietara.

Eta zer ondorio izan ditu Italian hartutako neurriek?

-Gobernua beldurtuta zegoen birusak ekarriko zituen ondorio ekonomikoengatik eta erabaki zuen lasaitasun mezu bat bidaltzea eta esatea Italiako iparraldean bizitza normala egin ahal zela. Normaltasunerako deialdia egiten zen bitartean, birusa oso azkar kutsatzen zen, eta horrek osasun sistema kolapsatu zuen. Kutsatu kopuruak gora eta gora egiten zutela ikustean herrialde osoa isolatzea erabaki zuten, konfinamenduan jartzea. Hortik aurrera neurriak gogortu dira, isunak igotzen, beharrezko jarduera ekonomikoak egiten ez dituzten fabrikak ixten... Orain egunik erabakigarrienetan gaude.

Konfinamendu egoeran hainbeste egun igaro ostean, nola dago herritarren animoa?

-Hasieran oso baikor hasi ziren, egunero batzen ziren Italiako abesti herrikoiekin, osasun langileak txalotzen zituzten... baina herritarren aldartea aldatzen hasi da, eta etsituago daude. Orain mesfidantzaren garaia hasi da, bizilagunak salatzen hasten dira: nire bizilaguna atera da. Zergatik bera ateratzen da nik konfinamendua errespetatzen badut? Tentsio edo mesfidantza etapa hasi da.

Txina erreferentzia gisa izan arren, italiarrei kostatu zitzaien egoeraren larritasunaz kontziente izatea?

-Bai, eta guri, kazetarioi, ere. Egia da informazio desberdinak iristen zi-tzaizkigula, birus ezezaguna zela eta unean moldatu behar izan gara. Informazioak oso kontrajarriak ziren. Hamaika udalerriak isolatu zirenean eta normaltasun deia egin zenean jendeak bizitza normala egiten zuen, eta nolabait guk hedatutako mezua izan zen. Baina ez zuten esan beste tokietan ere birusa bueltak ematen zebilela, eta, horrek, kutsadura kate berriak eragin zituen. Italiarrek mezu aldakorrak jaso zituzten. Baina jendeak ikusi duenean hildakoen kopuruak gora eta gora egiten duela, beldurtu egin dira eta neurriak errespetatzen hasi dira.

Errefuxiatuen egoera hurbiletik jarraitu duzu azken urteetan. Zer nolako egoera bizitzen ari dira osasun krisialdi larri honetan?

-Argi dagoena da koronabirusa iritsiko dela edo iritsi dela jada kanpalekuetara. Ez dagoena da borondatea probak egiteko eta jakiteko zenbat kutsatu dauden. Grezian uharteak isolatu dituzte. Helburua errefuxiatuak isolatzea da, baina ez dago estrategiarik edo laguntza fondorik krisi honi aurre egiteko haien kanpalekuetan. Imajinatu zu errefuxiatua zarela eta Moriako kanpalekuan zaudela, 20.000 pertsona pilatuta, ilara egin behar duzu edozer gauzarako: ura izateko, janaria hartzeko... ez dago higinenerik.... nola pentsatuko duzu agintariak prest egingo direla zuri probak egiteko? Errefuxiatuak oso kontziente dira, baina utzikeria horrek sortu dezake oraindik beren haserrea handitzea eta egoerak edozein momentutan eztanda egitea.

Gaixotu ezkero...

-Ez da bakarrik tratamendua izango ez dutela, baizik eta denak pilatuta bizi direnez, kutsadura masiboa gerta daitekeela, eta hori kontrolaezina da. Errefuxiatuen populazioa gehienbat gaztea da, eta zentzu horretan badakigu osasun ona izanez gero ez diela hainbeste eragiten baina bizi baldintzek eragina dute, eta oso kaxkarrak dira.

Europara sartzeko hesiak altuak baziren, orain are bortitzagoak dira?

-Bai. Herrialde guztiek mugak itxi dituzte, eta progresiboa izan denez herrialde guztietan, Italiak birusa "kontrolpean" izatea lortzen duenean, agian beste herrialdeek oraindik ez. Mugek asko iraungo dute, hau ez da egun batetik bestera desagertuko den egoera bat izango.

Xenofobia haztea eragin du?

-Italian txinofobia egon zen hasieran, bai. Bi turistek positiboa eman zutenean, txinatarrak zikintzat jo zituzten. Orain desagertu egin da, italiarrak konturatu direlako zorakeria bat dela, eta Txina asko laguntzen dabilelako, material zein esperien-tziarekin. Baina AEBtan, esaterako, Trumpen diskurtsoen ondorioz txinatarrenganako bazterkeria eta indarkeria hazten hasi da. Hitzek indar handia daukate. Salvinik krisia hasi aurretik gaixotasuna iheslariek Afrikatik ekartzen zutela esan zuen, eta mugak berriro itxi behar zirela eta erreskate lana bertan behera utzi. Eta azkenean demostratu zen italiar batek herrialdean bertan hartutako kutsadura zela, eta inork ez daki nor den zero pazientea.

Beste herrialde batzuetan hartutako neurriak, Estatukoak edo Euskal Herrikoak kasu, berandu heldu dira Txina edo Italia erreferentzia izanda?

-Birusa aurrez aurre ikusten duzunera arte oso zaila egiten ari da gobernuentzat neurriak hartzea. Ikusezina da, ezezaguna, eta patroi bera errepikatzen ari da: gugana helduko ez dela pentsatzea, neurriak hartu beharrean. Hasieran agintariek lasai egoteko esaten dute, osasun sistema prest dagoela halako infekzio bati aurre egiteko. Baina basikoena falta da; maskarillak, arnasgailuak... Jendeak galdetzen du: nola da posible marjena izan baduzu Txinarekin alderatuz erreak-zionatzeko? Bergamon kanpaina ospitaleak egiten dabiltza korrika batean, orain Madrilen... patroiak errepikatzen dira. Nola da posible gure mundu mendebaldartuan basikoena faltatzea? Fabrikak maskarilla eta arnasgailuak produzitzeko prestatzen ari dira gerra egoera batean egongo bagina bezala; ez terminologia belikoa erabiltzeko, ez dudalako uste terminologia hori erabili behar denik, baizik eta ekonomia transformatzen ari delako egoera honi aurre egiteko.

Zein da ospitaleetako egoera?

-Italian esaterako 5.300 plaza zeuden Ucin; 100.000 biztanleko bedera-tzi ohe. Alemanian 29 dauzkate. Azken asteetan 8.000 plaza baino gehiago sortu dituzte, eta 2.000 arnasgailu egiteko agindua jaso dute fabrikek. Konturatzeko nolakoa bihurtu den osasun krisi honen dimentsioa. Hau amaitzean analisi bat egin beharko da, eta galdetu zer egin behar den horrelako gauza bat berriro ez gertatzeko.

Eredu politikoak eragina dauka? Txinak ekonomia lehenengo momentutik eten zuen bitartean, Italiari kostatu zitzaion, Bolsonarok edo Trumpek (hasieran) garrantzia kendu diote birusari...

-Agintari guztiak kontziente dira ondorio ekonomikoak oso oso larriak izango direla. Herrialde batzuetan besteetan baino gehiago. Italian oso larria izango da. Orduan, hasiera batean beldurra hori izan zen. Horregatik luzatutako mezua izan zen hildakoak, gaixoak eta nagusiak zirela. Baina hilkortasun tasa kontrolaezina bihurtzen denean diskurtso horrek ez du balio. Orain estrategia da hau ahalik eta azkarren kontrolatzea, gera-tzea, prozesua luzatu ez dadin. Koman geratuko dira herrialdeak ekonomikoki. Baina orain bizitza guztiak dira funtzeskoak. Medikuak bizi itxaropenaren arabera gaixo batek arnasgailua izateko eskubidea daukan aukeratzen hasten diren momentuan, zerbait gaizki doa. Hemen, dagoeneko, ikuspuntu humano batetik aztertu behar da, bestela hau desastre bat izango da.

"Koronabirusa aurrez

aurre ikusten duzunera arte oso zaila egiten ari da gobernuentzat neurriak hartzea"

"Koman geratuko dira herrialdeak ekonomikoki, baina orain bizitza guztiak dira funtzeskoak"

"Argi dago koronabirusa errefuxiatuen kanpalekuetara heldu dela, baina ez dago probak egiteko borondaterik"

"Italian normaltasunerako deialdia egiten zen bitartean, birusa oso azkar kutsatzen zen, eta horrek osasun sistema kolapsatu zuen"