Euskaltzaindiak bere sorreratik jardun du euskararen lurraldeetako toponimoei buruzko arauak eta gomendioak ematen, hizkuntzaren erabilera biziberritzeko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera plazaratu berri duen Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia liburuak ere zerikusi argia du horrekin: izenburuak dioen bezala, Gipuzkoako herrien izenak jaso-tzen ditu, izen horiek historian zehar izan dituzten formak, eta baita haien etimologia azalpena ere.

Patxi Salaberri euskaltzain osoa eta Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazlea Onomastika batzordeko kideak dira eta haien ardura izan da liburua idaztea. Obra "Euskal Herriko eta Euskal Herriaren bihotza den Gipuzkoari" eskaini diote. "Herria maite duen edozeinek estimatuko duen lana dago jasota bertan", nabarmendu zuen atzo Garbiñe Mendizabal Hizkun-tza Berdintasuneko foru diputatuak liburuaren aurkezpenean. Bere iritziz, datu horiek guztiak idatzita, aztertuta eta ikertuta egotea "funtsezkoa" da euskararen normalizaziorako.

edukia Tituluak liburuaren edukiari buruzko "laburpen gizajoa" jasotzen duela azaldu zuen Zalduak, herrien izenak ez ezik, auzo askorenak ere jasotzen dituelako; "gurea den moduko herrialde batean auzo zer den eta zer ez den zehaztea, batzuetan, erraza izan ez arren", azpimarratu zuen euskaltzain urgazleak. Beraz, elizate, leku edo hiri izandako populazio entitate guztiak eta auzo edo auzune gisa lekukotzen diren beste zenbait sartu dituzte liburuan, "ia guztiak eliza dutenak".

Guztira, 182 entitate geografikoren izenen lekukotasunak eta etimologiak txertatu dituzte. Hainbat bizileku kanpoan utzi dituzte eta horretarako arrazoi nagusia "iturrietan gutxitan edo inoiz ez ager-tzea" izan da. Hala ere, Gipuzkoan izan diren "zinezko herri-gune gehienak" barneratu dituztela baieztatu zuen Zalduak.

Sarrera bakoitzean, izenburuaren azpian leku bakoitzaren izen ofiziala irakur daiteke lehenbizi, udaletik behitiko entitateen kasuan zein udalen barnean dauden zehaztuta. Jarraian, dokumentazioko testigantzak eta euskal testuetako lekukotasunak jaso dituzte. Guztira, 4.500 idatzizko testigantza inguru aurki daitezke bertan.

Testigantzen ondotik ebaketak ere jarri dituzte, ahotsak.eus artxibategiko grabazioetatik hartutakoak gehienak. "Orotara, 242 berriemaileri jasotako 700 ahozko lekukotza biltzen dira liburuan", azaldu zuen Zalduak. Ondoren, etimologia azalpenak, gentilizioak, eta amaieran, halakorik balego, herritarren ezizenak ere biltzen ditu.

Gipuzkoako lehenengo mapa Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia obraren testua osatzeko 21 irudi ere barneratu dituzte; horien artean, 16 argazki eta bi mapa. "Liburuaren kanpoko eta barruko azaletan ikus daitekeen mapa Abraham Ortelius flandiarrak XVI. gizaldian argitara emandako Theatrum Orbis Terrarum atlasetik hartu dugu", zehaztu zuen euskaltzain urgazleak.

Irudi horren "garrantzia" azpimarratu zuen, izan ere, mapak 1884an ikusi zuen argia lehendabiziko aldiz eta agerraldi horretan, "zerikusi handia" izan zuen urte batzuk lehenago Gerard de Jode kartografoak Speculum Orbis Terrarum atlasean plazaraturiko Gipuzkoako mapak: "Gipuzkoa erakusten duen aurreneko mapa ez ezik, Orteliusena, euskal herrialde bat berez marrazten duen lehenbiziko mapa baita", azaldu zuen Zalduak.

Horrez gain, Hispaniari dagokion atala hornitzen duen irudi bakarretakoa da bi atlasetan: "Sasoi hartan probintzia arrantzan zein burdingintzan eta, batez ere, armagin-tzan punta-puntan zebilen Europan", gehitu zuen.

Gipuzkoa osoa hartzen duen lehenengo lana da liburu hau eta paperean ez ezik, Euskaltzaindiaren webgunean PDF formatuan ere eskuragarri dago.

zifrak

182

Entitate geografikoren izenen lekukotasunak eta etimologiak txertatu dituzte.

4.500

Idatzizko testigantza inguru aurki daitezke.

21

Irudi sartu dituzte liburuaren testua osatzeko. Horien artean, 16 argazki eta Gipuzkoa erakusten duen lehenengo mapa (XVI. mendekoa) ere badaude.