DONOSTIA - Euskararen balio kulturala ukaezina da, baina Siadecok hizkuntzen industriak Euskadin duen egoera aztertu eta euskarak Gipuzkoako ekonomian duen pisua kuantifikatu du. Datua nabarmena da: lurraldeko barne produktu gordinaren %5,34 rekin du lotura.

Horrela adierazten du Siadecok Hizkuntzen industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea den Langunerentzat egin duen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza izan duen txosten batek. Honen emaitzak atzo eman ziren ezagutzera Donostian egindako lan jardunaldi batean. Bertan, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok parte hartu zuen; Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko kudeatzaile Lohitzune Txarola eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak ere parte hartu zuten bertan.

Gipuzkoan euskara-sektoreek duten zuzeneko eraginaren, zeharkako eraginaren eta eragin induzituaren azken emaitza makroekonomikoek dioten arabera, Gipuzkoako ekonomiako enplegu osoaren %7,99 euskara-sektoreek sortua da, hots, 24.848 lanpostu. Konparazio baterako, EAEn euskara-sektoreek eragindako enplegua, orotara, zertxobait baxuagoa da: % 5,99.

Bestalde, Gipuzkoako barne-produktu gordinaren (BPG) %5,34 euskararekin zuzenean eta zeharka loturaren bat duten sektore ekonomikoei dagokie. Gipuzkoako BPGa, guztira, 24,4 mila milioi da, eta euskarari dagokiona, 1,304 mila milioi euro. EAEri dagokionez, BPGaren %4,59 dago euskararekin lotuta.

Ikerketak azaleratzen duenez, beraz, “aurreko aldagai makroekonomikoak ikusita, ondoriozta daiteke euskarak zuzenean eta zeharka sor-tzen dituen datu ekonomikoak esanguratsuak direla eta euskararen balioa termino ekonomikoetan ere handia dela”. Administrazioari lotuak dauden enplegu eta baliabideez gainera, “euskararen inguruan lan egiten duten sektore ekonomikoek enplegu asko eta balio erantsi handia sortzen dute”, adierazi zuen Lohitzune Txarolak.

SEKTORE EKONOMIKO GARRANTZITSUA Markel Olanok albiste pozgarritzat jo zuen euskarak Gipuzkoan duen eragin ekonomikoa neurtzen duen txosten “mardula eta sakona” edukitzea. “Helburu horrekin eskatu genuen azterketa egitea. Frogatu egiten da euskarak, kultura eta gizarte terminoetan balio neurtu ezina izateaz gain, sektore ekonomiko garrantzitsu bat sustatzen duela, balio kate oso bat dagoela ezagutza eta aberastasuna sortzen duena”, adierazi zuen.

Gaineratu zuen Gipuzkoan nabarmena dela euskarak ekonomian duen pisua, beste lurraldeekin alderatuz gero. “Aitzindari gara eta esportatu egiten dugu jakinduria hori. Gurean errotutako enpresa asko eta askok, ibiliaren poderioz ikasi dute hizkuntza gutxitu baten berreskurapenerako estrategia eta lan-ildoak finkatzen eta, orain, erreferente izaten ari dira munduko hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanetan ari diren eragileentzako”. Bide horretan, “berrikuntza teknologiko eta sozialaren garrantzia” azpimarratu zuen. “Teknologiaren esparruan puntako ekimenak jarri dira martxan hizkuntzari lotuta. Euskararen erabilerari hauspo berria emateko desafio partekatuari gogo eta ilusio berriz ekiten ari garen honetan, berrikuntzak berebiziko garrantzia hartzen du. Are eta berritzaileago izateko desafio horretan, euskalgintzak bidelagun izango du Aldundia”, amaitu zuen.