madril - Hezkuntza arloarekin lotutako gaurkotasun gaiak partekatzeko bildu ziren atzo Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa.

Abiapuntu gisa, Uriartek Euskadin inklusibitatearen eta gizarte kohesioaren aldeko apustua egiten ari dela helarazi zion Celaari, honekin bat gobernuen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gogoratuz. Dena den, laster sartu zen tartean Hezkuntza Legea; Uriartek Lomce baliogabetzeko eta azken urteetan honek eragindako ziurgabetasunari amaiera emateko ordua dela gogoratu zuen: "Lege horren edukietako askok Euskadik hezkuntza arloan dituen eskumenak urratzen dituzte, eta horregatik, beharrezkoa da gehiengo berri batek aldaketa sakonak adostea, hezkuntza-kalitatea hobetzen jarraitu ahal izateko". Zentzu horretan, Euskadik ebaluazio-sistema propioa garatzeko lanean jarrai-tzen du. Uriarteren esanetan, "premia hori ezin du mugatu hezkun-tza-komunitateak arbuiatutako lege batek".

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren helburua eztabaida lasaia, gogoetatsua eta arduratsua burutzea izan zen atzokoan, azken urteetan bultzatutako judizializazioa baztertzeko asmoz. "Eusko Jaurlaritzarentzat oso larria da, oraindik ere, beken kudeaketan 30 urte baino gehiago eman ondoren, euskal gizarteak bere buruari eman dion beka-sistema uniformizatu nahi izatea", salatu zuen Hezkuntza sailburuak. Izan ere, sistema horren bidez, Euskadi Estatuko eskola-uzte goiztiarraren tasarik baxuena izatera iritsi da, eta beka sistemaren aurkako helegiteak Uriartek ez ditu partekatzen.