donostia - Emakunderen eskutik argitaratuta, Nastassja Cipriani eta Jose Senovillaren Matematikaren eta fisikaren arloetan emakumeen diskriminazioa iraunarazten edo laguntzen duten fenomenoen analisia delakoa aurkeztu zen atzo, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunarekin bat. Autoreek matematikaren eta fisikaren mundu akademikoan dagoen diskriminazioa aztertu dute, zientzialarien erdiak baino gehiagok bi generoen artean ezberdintasunik aurkitzen ez duela azaleratuz. Euren lana Gizonen Berdintasunaren arloko ikerketa-lanetarako bekaren emaitza da.

Ikerketaren arabera, Matematika edo Fisika ikasten dabiltzan pertsonen artean, emakumeen kopurua gizonena baino askoz ere txikiagoa da. Gainera, bi diziplina hauetan, beste zientzia arloetan baino arrail handiagoa dago (biologia, kimika, genetika, lurraren zientziak). Esaterako, 2018/19 ikasturtean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, %38,9 emakumeak ziren Matematikako klasean, eta %29,2 Fisikakoan. "Presentzia urri hori faktore historiko, sozial, psikologiko, politiko eta kultural konplexuen emaitza da, eta emakumeei eragiten die ebaluazio-prozesuetan eta horien sustapenean. Kasu askotan, sistema akademikoaren oinarri diren printzipio eta balio batzuk ez dira neutralak generoari dagokionez", azaldu zuen Ciprianik.

Zentzu horretan, Ciprianik berak eta Senovillak landutako ikerlan honetan agertzen den inkesta batek, sailetako langile askok diskriminazioa ez dutela hautematen erakusten du: %35,9k soilik hautematen dute emakumeenganako diskriminazioa, eta %47,4k uste dute ez dagoela diskriminaziorik. "Generoen arteko desberdintasun hori hautematen ez dutenek arraila denboran zehar mantentzen laguntzen dute", berretsi zuen Cipriani Matematikako doktore eta zientzia zein genero arloetako ikertzaileak.

Azterlanaren alderdi kualtiatiboa lau zatitan dago banatuta: lehenengoak hezkuntza sistema, haren oztopoak eta sistema horren distortsioak ditu ardatz; bigarrenak emakumeek lan esparruan jasaten duten diskriminazioa aztertzen du; hirugarrenak laneko eta bizitza pertsonaleko arazoak bateratzen ditu; azkenik, laugarrenak arlo "sinbolikoa" du oinarri, hots, emakumeek euren buruaz, edo oro har, lanbideaz duten pertzepzioarekin zerikusi handiagoa duena.

"Emakumeen meritua zalantzan jartzen da, ikusezin bihurtzen dira, eta, oro har, euren lana gutxiesten da. Aldi berean, hizkera desegokia baliatzen da haiekin komunikatzerako orduan, txiste sexista eta piropoekin, eta jazarpen arineko egoerak gertatzen dira maiz", gogoratu zuen Ciprianik. Egoera hori alda-tzeko, hainbat proposamen egiten dira argitaratu berri den analisian: generoaren eragina zehatz-mehatz aztertzea langileen hautaketan eta ebaluazio-prozesuetan, edo unibertsitate-eremuan bulego bat sor-tzea, ikasleek, irakasleek eta iker-tzaileek bertara joan ahal izan daitezen sexu-jazarpena, lan-jazarpena edo edo edonolako diskriminazioren biktima direnean.

Garrantzitsu eta beharrezkotzat jotzen dute, halaber, matematikari eta fisikari izatearen lanbideari buruz dagoen ikuspegia zabaltzea, eta estereotipoen berezko elementu sinbolikoak eremu horietan diharduten emakumeen eta gizonen benetako jarduerarekin alderatzea.

altuak. Nasstassja Cipriani eta Jose Senovillak egindako ikerketaren arabera, Matematika edo Fisika ikasten dabiltzan pertsonen artean, emakumeen kopurua gizonena baino askoz ere txikiagoa da. Esaterako, 2018/19 ikasturtean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, %38,9 emakumeak ziren Matematikako klasean, eta %29,2 Fisikakoan. Halaber, bi sailetako langile askok diskriminazioa ez dutela hautematen erakutsi da inkesta baten bidez: %35,9k soilik hautematen dute emakumeenganako diskriminazioa, eta %47,4k uste dute ez dagoela diskrimininaziorik. "Diskriminazio hori hautematen ez dutenek arraila denboran zehar mantentzen laguntzen dute", azaldu zuen Ciprianik atzoko aurkezpenean.