donostia - First Lego League Euskadi kirol-txapelketa formatua duen nazioarteko hezkuntza-programa da eta 100 herrialde baino gehiagotan dago zabalduta. Gaur Donostiara heldu da lehen aldiz, Eureka Zientzia Museora zehazki. Deuston eta Arrasaten ere ospatuko dute nazioarteko txapelketa eta hamaikagarren edizio honetan, guztira 51 ikastetxeko 2.000 ikaslek hartuko dute parte.

Donostiaren kasuan, EAEko 400 gazte inguruk osatutako 35 taldek aurkeztuko dituzte beraien proposamenak Eureka Zientzia Museoan. Horien artean, hiriko lau ikastetxe ere egongo dira: Axular, Santo Tomás, English School eta Mundaiz.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa, Donostia Sustapena eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzi arduratu dira txapelketa Donostian antola-tzeaz, hiriko hezkuntza arlotik Donostia Innovation Campus ekimenaren bidez berrikuntzak sustatzeko azken urteotan gauzatzen ari den estrategiaren esparruan.

Aurtengo ediziorako proposatutako gaia honakoa da: City Shaper, bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea. Hiriko eraikin edo espazio publiko baten arazo bat hauteman eta horri irtenbide berri-tzaile bat proposatzea da helburua. First Lego League Euskadik sei hilabete daramatza prestakuntza programa batean lanean eta, horri esker, parte hartzen duten ikasleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute nola egiten duten lan ingenieritza edo arkitektura arloetako profesionalek.

hiru arlo Ekitaldia 10.00etan hasiko da eta Eureka Zientzia Museoan elkartuko diren 35 taldeak bi kategoriatan banatuta egongo dira: lehenengoa, 6-9 urte bitarteko ikasleek osatuko dute; bigarrena, aldiz, 10-16 urte bitartekoek.

Taldeek hiru arlotan defendatu beharko dituzte aurtengo ediziorako aurkeztutako irtenbideak. Lehenengo arloa berrikuntza proiektua izango da eta parte hartzaileek proposamenak aurkeztuko dituzte hiriekin lotutako arazo bati irtenbidea emateko. Bigarren arloa robotaren jolasari dagokio. Jolas horren bidez, talde bakoitzak diseinatu duen Lego Mindstorms robotaren aurka lehiatuko dira parte hartzaileak, hainbat misio gainditzeko programa bat sortu ondoren.

Azkena, aldiz, First Lego League balioak izenekoa da eta ikasleek proiektuak balio horien inguruan garatu dituztela frogatu beharko dute: aurkikun-tza, berrikuntza, inpaktua, talde lana eta jostaketa, hain zuzen ere. - Sara Ibarguren