Iparraldeko Pedro de Axular izan zen (1556 Urdazuri-1644 Sara) idatzi zuen “Gero” liburua. Eskutan daukat bere liburu mitikoa. Aitaren etxeko liburutegian ikusi eta ukitu nuen lehen aldiz. Bertsio ezberdinak zeuzkan aita Inosenek.

Gogoeta sakonak liburuan azaltzen direnak. Gaurkotasunak gaurkotasun “Gero Gerokoak” gogoan, garunean, bihotzean, itxaropenean. Etorkizuna erronka, irrika. Beti dago “Gero” bat geure bizitzan. Bereziki hauteskundeetan ere. Eta bai hauteskundeak amaitu dira, hortxe emaitzak, onak, ez hain onak (?). Bai bukatu. Baita kanpaina ere. Nago kanpainak bi denboraldi izan dituela ezaugarri propio ugariekin. Hasiera motela, erdi lo, futbola erdian, Ukrania eta Gaza medioetan. Bat-batean ez-ustekoa(k), Ardanzaren heriotza eta ondorengo erreakzioak, Imanol Pradalesi erasoa eta EHBilduren lehendakarigaiaren toteltzea ETAri buruzko galderen erantzunetan. Benetan, ezin ulertu nolatan ez dioten Otxandiano jaunari hobeto prestatu, egokitu edo/eta sukaldatu hainbat galderen erantzuna iraganeko bortxakeri politikoari buruz. Ezina zait ulertu Otxandiano jaunaren duda-mudak, zalantzak eta toteltzeak ETAri buruzkoak erantzutekoan zikloak ziklo.

Gaur (Atzo), apirilaren 21a, EAJko ahaldun gisa egon naiz nire hauteskunde mahaian, urduritxo egia esan. Mahaiaren inguruan izan garen guztiok giro ona egon dela esan beharko nuke. Sigla eta ideologia guztien gainetik eta azpitik pertsonak gaude, daude. Eta pertsona horrek duen tenorea, jarrera eta izaera gailentzen da une hauetan ere. Baina tira, hortxe emaitzak: EAJk mantendu du berea, eutsi dio goiari, hauteskundeak irabazi ditu, eserlekuetan Bildukoekin pare, baina bozketan milaka gora. Beraz ez da “sorpazorik” izan, berriro diot EAJk irabazi ditu hauteskundeak. Batzuen batzuk sinestu, sinestu ere, EAJ zaharra atzean geratuko zela, zaharkituta, baina ez.. Baztertuta alegia, baina ez da hori gertatu, ez. EAJ garaile. Berriro iturri zaharretik ur berri eta garbia. PSEk eta PPk mantendu eta goraxka egin dute. Besteek apurretan apurrak. Dena dela betiere hausnarketak egiteko unea gaurkoa. Beraz, Euskadiko zortzigarren Lehendakaria Imanol Pradales jauna izango delakoan nago. Bai. Baita Euskadik Lehendakari egokia izango duela ere. Nago egoera berriek beti dakartzaten erronka berriei aurre egiteko lema tinko eskutan izango duela.

Euskadik aurrera egingo duela bere ongi izatean, baita, eta , bere burujabetzan ere. Nago, adanismo politikoa ez dela benetan ezertarako irtenbidea, katea ez dela eten eta geure aberria den Euskadiri ate-leiho berriak ireki zaizkiola. Eskerrik asko Urkullu Lehendakaria, aurrera Imanol! Zure esanetara! Euskadi bedi, beti!