- Ohar batean, Sortuk Donostian garatzen ari den "hiri eredua" kritikatu du, "gehien dutenen interesetan zentratua", eta bide batez, "eredu suntsitzaile hau sustatzen duten proiektuak" salatu ditu. Hori guztia kontuan izanik, "guztiok duintasunez bizi ahal izateko, euren erabakien jabe" izateko deia egin die donostiarrei. "Gure bizitzaren gaineko subiranotasuna berreskura-tzeko bidea egin behar dugu", adierazi dute.

Gauzak horrela, Sortuk manifestazioa egingo du bihar Donostian, "Burujabetzak berreskuratu" lelopean. Martxa 17:30ean abiatuko da Boulevardetik, eta horrela, Aste Nagusiaren hasieran Gipuzkoako hiriburuan egin ohi duen manifestazioa berreskuratuko du ezker abertzaleak, nahiz eta pandemiaren ondorioz bigarren urtez jairik ospatuko ez den.

Ezker abertzaleko alderdiak "komunitate zabala ehundu eta berreraikitzearen" alde egin du, "merkatuen menpe, isolatuta eta babesgabe dagoen gizartearen aurrean"; eta euskal herritarrek "esparru bakoitzean zer izan nahi dugun eta nola bizi nahi dugunari begirako lan kolektiboa aurrera eramaterako orduan" erabaki ahal izatearen garrantzia azpimarratu du.