- Naziogintza taldeak euskal errepublikaren alde aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen asteartean Azpeitiko Udaleko osoko bilkurak. Mozioan aipatzen denez, 1931ko apirilaren 17an, Espainian monarkia erortzearekin batera, Azpeitiko Udalak, Euskal Errepublika eratzeko eskatu zuen aho batez, autodeterminazio eskubidea oinarri hartuta.

Aurten 90 urte bete dira adierazpen hura egin zenetik, eta, hori dela eta, "gure oraintsuko historiaren pasarte ezezagun hau gogoratu eta Euskal Errepublikaren aldeko grina berpiztu" nahi izan du Naziogintzak, erakunde horretako iturriek azaldu dutenez.

Mozio horretan, Udaleko ordezkari politikoek (EH Bildu eta EAJ) honakoa diote hitzez hitz: "Gure aurrekoek orain 90 urte egindako eskaera berretsi nahi dugu, eta Euskal Herriarentzat Euskal Errepublika aldarrikatu. Izan zirelako gara, garelako izango dira. "

Naziogintzak gogorarazi duenez, 1931ko apirilean udal ugarik onartu zituzten Euskal Errepublikaren aldeko mozioak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Nahiz eta Euskal Herrian 1931ko apirilaren 14a Espainiako Errepublikarekin lotuta egon, garai berean euskal errepublikaren aldeko aldarrikapena ere piztu zen. "Alkate eta zinegotzi aber-tzale batzuek Euskal Herriarentzat errepublika propioa eskatzeko ausardia izan zuten", azpimarratu du Naziogintzak.

Aurten, pandemia dela eta, Azpeitiko Euskal Errepublikaren Eguneko ekitaldia bertan behera uztea erabaki du Naziogintzak. Hitzordua datorren urterako atzeratu dute.

1931ko apirilean udal ugarik onartu zituzten Euskal Errepublikaren aldeko mozioak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian