- Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Podemoseko buruak atzo esan zuenez, “demokrazia defendatzeak, besteak beste, torturei eta Estatu terrorismoari” aurrez aurre begiratzea” dakar, dokumental bat egin berri zaion Mikel Zabalzaren kasuari erreferentzia eginez.

“Demokrazia defendatzea gure historiaren alde ilunenari aurrez aurre begiratzea ere bada: torturak eta Estatuaren terrorismoa”, ida-tzi zuen Twitter sare sozialean, ostiral honetan Madrilen, “ezinbesteko dokumentua” dela iritzi dion Non dago Mikel? dokumentalaren estreinaldira joan ostean.

Dokumentalean 1985eko azaroko 20 eguneko kronika azaltzen da, Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta haren gorpua Bidasoa ibaian aurkitu zuten artekoa.

Mikel Zabalza, Orbaizetako autobus-gidaria zen, eta Idoia Aierbe neskalagunarekin, anai-arrebekin eta beste pertsona batzuekin batera atxilotu zuten Guardia Zibilaren operazio batean, eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten.

Torturak jasan zituztela salatu zuten gainerako atxilotuak kargurik gabe utzi zituzten aske, Mikel, ordea, desagertu egin zen; poliziaren bertsioaren arabera, ihes egin omen zuen agenteek Bidasoatik gertuko ETAren zulo batera eraman zutenean.

Hala ere, Guardia Zibilaren goi-agintarien grabazio batzuetan argi eta garbi onartzen dute Mikel Zabalza Intxurrondoko kuartelean hil zela hura torturatzen ari zirenean.

Hori horrela izanik, gero eta gehiago dira 1985ean gertatutakoa argitu ahal izateko, gaztea desagertu eta hil zeneko espedientearekin lotutako guztia desklasifikatzea eskatzen duten pertsonak.

Iglesiasek aste honetan, otsailaren 23ko 40. urteurrenaren aurretik kazetariei egindako adierazpenetan adierazi zuen, Sekretu Ofizialen Legeak “herritarrek jakiteko eskubidea duten” informazioa ezkutatzeari uztea defendatuko duela bere alderdiak.