- Atzo aurkeztu zen Eibarren 80 agente baino gehiagok sinatutako manifestu batekin Burgos50 dinamika, ezker abertzaleko erreferente historiko izandako zenbaitek bultzatuta. Abenduan hainbat ekitaldi egingo dituztela iragarri zuten, Burgosko Prozesuaren "errepresioaren" 50. urteurrena gogoratzeko. Susta-tzaileen ustez, une honetan independentismoa "Euskal Herriko beste eskaintza politiko batzuekin aurrez aurre lehiatzeko moduko eskaintza politiko sendoa da". Itziar Aizpuruak eta Olaia Matxainek eman zuten ezagutzera Eibarren, euskal esparru independentistako 86 pertsona ezagunek sinatutako manifestua.

Burgosen auzipetu zituzten 16 pertsonetako bat izandako Aizpuruak, gogora ekarri zuen duela 50 urte "mobilizazio garrantzitsuak" izan zirela armaginen herrian, gerra kontseiluaren eta "jasandako errepresio bortitzaren aurka". Eta "Roberto Perez Jauregi manifestaria tiroz hil zuen Poliziak", salatu zuen.

Gainera, dinamikaren bozeramailetzat, Sabino Cuadra Amaiurrek Madrilen izandako biltzarkide ohiak, "duela mende erdi lortutako garaipena eta ondoren lortutakoak" balioan jarri zituen. "Auzitegiko aretoan paperak aldatu egin ziren, eta epaiketaren amaieran Armada eta frankismo bera izan ziren akusatuen aulkian eseri zirenak". Cuadraren arabera, gaur "orduan Burgosen bezala, garaipena lortzea posible da" eta garbi adierazi zuen "bidea ez dela amaitu"; hain zuzen ere, "hitza eta erabakitzeko ahalmena euskal herriari ukatzen zaizkion bi gai direlako".

"Gaur egun, subiranotasunaren aldeko aldarrikapenei eta asmoei, oraindik ere, uko eginez eta errepresioarekin erantzuten jarraitzen dute", salatu du Burgos50 manifestuak.

Egitasmo honek bi ekitaldi egingo ditu "duela 50 urte errepresioaren ondorioz" hildakoak gogoratzeko; lehena, abenduaren 10ean Eibarren, Roberto Perez Jauregi oroituz; eta bigarrena, abenduaren 20an Etxarri-Aranatzen, Antonio Goñiren omenez.